Adinaren arabera hiru maila banatu dituzte sortak aurkezteko eta maila guztietan gaia eta neurria librea izanen da:
- Helduen maila: 2007. urtetik gorakoak, guttienez sei bertso eta gehienez hamar idatzi beharko dituzte.
- Gazteen maila: 2008 eta 2011 urte artekoak, guttienez lau bertso eta gehienez zortzi idatzi beharko dituzte.
- Haurren maila: 2012 urtera artekoak, guttienez bi bertso eta gehienez lau idatzi beharko dituzte.
Parte hartzaileek hainbat baldintza behere beharko dituzte parte hartzeko. Bertso guztiak berriak izan beharko dira, hau da, sekula argitaratu gabeak. Gainera, bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztea baitezpadakoa izanen da.
Lanak otsailaren 21erako bidali beharko dira sarasua.lehiaketa@gmail.com helbide elektronikora, eta epaia martxoaren 14an emanen dute Bertsularien Lagunak elkartearen webgunean.
Bertsoak bidaltzean bi dokumentu igorri behar dira. Bertsoak izengoiti baten izena duen dokumentuan bidali beharko dira. Bigarren dokumentuak xehetasunak izena izan beharko du, eta bertan egilearen informazioa paratu beharko da. Gainera, mezuan sorta zein mailan aurkeztu den ere zehaztu beharko da.
Sariei dagokionez, maila bakoitzean bina lan sarituko dituzte. Helduen sailean lehenengo sariak 300 euro hartuko ditu eta bigarrenak 150 euro. Gazteen sailean lehen saria 100 euroko txartela izanen du Elkarren saltzeko, eta bigarrenak 50 euroko txartela. Haurren sailean, aldiz, lehenengoak saritzat Xilabako finaleko sartzea eta trikota hartuko ditu eta bigarrenak Xilabako finaleko sartzea eta tixerta. Sari horiez gain, haurren saileko parte hartzaile denek Xilabako finalerako sartzea lortuko dute saritzat aldez aitzinetik galdeginez gero.
Aitor Sarasua Maritxalar Aretxabaletan sortu zen 1967. urtean. Biziki gazte hasi zen Almen ikastolako bertso eskolan eta haren irakasle Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea eta Joanito Akizu izan ziren. Bertsolari eta euskaltzale amorratua, bi arlo horietan lan handia egin zuen bereziki, bai haren bailaran baita Ipar Euskal Herri osoan ere. Seaskako ikastoletan bertso irakasle aritu zen eta Bertsularien Lagunak elkartearen lehendakari ere izan zen, bertzeak bertze.