Eskualdeko hainbat herritan Errege Magoen bisita izanen dute igandean

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 3a, 19:00

Joan den urtean Errege Magoek Leitzara egindako bisitan hartutako irudia.

Errege kabalkadak eginen dituzte igande arratsaldean, ilbeltzaren 5ean.

Arantza

Arantzara igandean 18:45 aldera ailegatuko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak eta euren laguntzaileak, herriko trikitilariak aitzinean dituztela. Herritarrek herri sarreran harrera eginen diete eta handik lehenbizi plazara eta ondotik elizara joanen dira. Elizan opariak banatuko dizkiete haurrei.

Areso

Igandean 17:00etan haurrak aterako dira zintzarriak jotzera eta iluntzean Erregeak ibiliko dira etxez etxe.

Bera

Igandean 15:30ean Errege Magoen pajeak herriko karriketan barna ibiliko dira gutunak biltzen. Zehazki, ibilbide hau eginen dute: Agerra, Bidasoa karrika, Izpoz karrika, Burga plaza, San Esteban karrika, Herriko etxeko plaza, Legia karrika, Legia karrikatik Iturlandetara, Iturlandeta, Eztegara pasealekua, Kanttonberri karrika, Legia karrika, Altzateko Jaunaren plaza eta Illekueta karrika.

18:30ean hasiko da kabalkada. Suhiltzaileen parketik Itzea karrikara joanen dira; handik Altzate karrikara eta ondotik, Eztegara pasealekura. Bidasoa karrikatik eta Gernikako arbolaren karrikatik pasatu ondotik, Herriko etxeko plazan bukatuko dute desfilea. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldia Eztegara pilotalekuan eginen dute, 19:00etan.

Elizondo

Igandean, 19:00etan egin dute hitzordua. Zahar etxe aldetik sartuko dira hiru Errege Magoak Elizondora, eta Santiago eta Jaime Urrutia karriketatik pasatu ondotik, plazan bilduko dira. Plazako kioskoan eginen diete ongietorria herritarrek. Horrekin batera, udaletxeko gorapean jaiotza biziduna ikusteko aukera izanen da eta Elizondoko eta inguruko laguntzaileek emandako produktuak ere zozketatuko dituzte.

Euria ari baldin badu, ibilbidea aldatuko dute. Zahar etxetik Santiago karrikara joanen dira eta hortik plazara.

Goizueta

Errege kabalkada 18:30ean eginen dute. Herrira iritsi direla abisatuko dute suziri batekin. Suhiltzaileen etxe paretik hasi eta kalejira eginen dute. Gero, eskoletako frontoian eginen dute ekitaldia eta opariak banatuko dituzte.

Igantzi

Bihar, larunbata, 18:30ean pajeek eskutitzak bilduko dituzte arkupean, eta igandean, 18:30ean hasiko da kabalkada. Segidan, opariak banatuko dituzte elizan.

Leitza

Bihar, ilbeltzaren 4an,  pajeak hurbilduko dira 18:30ean Leitzako plazara eta umeen gutunak jasoko dituzte. Gauerdian, kalera atera eta zintzarriak, joaleak, kaxkabelak… astinduz ibiliko dira leitzarrak. Herriko plazan elkartu eta elkarrekin itzulia osatuko dute. Igandean, etxeko txikienen txanda izanen da eta horiek ere lurra esnatu nahian edo erregeei deika, ohitura zaharra berrituko dute.

Iluntzean eginen dute Errege kabalkada. Kale Nagusitik pasako dira Erregeak, 18:30 aldera, eta ekitaldia eginen dute plazan. Segidan, etxez etxe ibiliko dira.

Lesaka

Lesakan ere errege kabalkada eginen dute. 17:00etan erregeen postariak eskutitzak bilduko ditu Plaza Zaharrean eta 18:00etan Errege Magoei harrera eginen diete udal pilotalekuan.

Sunbilla

Santiburtzion barna ailegatuko dira Errege Magoak Sunbillara eta ibilbide hau eginen dute: Itturburun beheiti Karrika Nagusira, zubi zaharretik goiko auzora igo, segidan Kaikuren etxetik Txangonera, Harbizti karrikara, handik Leku Ederrera eta azkenik 19:00etan Elizara. Meza akitu ondotik, haurrek Erregeei eskutitza eman eta haiek agurtzeko aukera izanen dute eta hori akitzean, Erregeek ibilbidearekin segituko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun