Joan den abenduaren 16an egin genuen urteko azken elkarretaratzea, Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Beran bildu ginen 26 lagun, betiko pankartaren inguruan, aldarrikapen nagusia 1.080 euro guttiengo pentsioa delarik. Pentsiodunen Mugimenduan erretiratuen eskakizunetik haratago doazenak kontuan hartzen ditugu gure mobilizazioetan. Gisa honetan zaintzaren hainbat ertz txertatzen ditugu agerraldietan, adinekoen zaintza, osasun arreta bere osotasunean, langileen lan baldintzak, zerbitzu publikoen kudeaketa, ingurumenaren errespetua eta mundu zabalean genozidioak eta gerrak sortzen duten sufrimendua bukatzea.
Langileak, izan bertzeen kontura edo izan norberaren kontura, erretiroa hartzen duenean oraindik elkarbizitzarako nolabaiteko ekarpena egiteko gai sentitzen denak, komeni da egitura kolektiboren batean txertatuta egotea, jende guziaren bizi duin baten alde lan aunitz egin behar baita. Eta jende guzia erraten dugunean, gure hurbilenetik hasi eta mundu zabalean bizi den jende guziarengan ari gara pentsatzen, genozidioa, blokeoa eta pentsa daitezkeen jazarpen krudelenak pairatzen dituen jendearengan alegia.
Joan den urtea urte gazi-gozoa bizitu dugu; Alde batetik pentsiodunon aldarrikapenak hein batean adituak izan direlako, batzuk emaitza positiboekin, eta bertze batzuk bide onean jarri baitira. Baina elkarbizitza duinaren harira, lan handia gelditzen da oraindik.
Pentsiodunon borroka ez da soilik erretiratuta gaudenon aldeko borroka, baizik eta oraingo eta geroko erretiratuen aldeko lana. Pentsio sistema publikoa eta propioa aldarrikatzen dugu gure mobilizazioetan. Interes itzelak daude pentsio sistema publikoa ahultzeko, eta erretiratuen kontura «gutti» batzuk negozioa egiteko. Bide honetan egiten den propagandan dirutzak sartzen dira, arrisku honen adierazle. Horregatik deritzogu borroka hau oraingo guttiengo pentsioak duintzea baino hagitz sakonagoa dela, sistemaren etorkizuna jokoan dagoela, eta honek eskatzen du jende guziaren aktibazioa.
Adinekoak jartzen gara pankartaren gibelean, baina gure pentsamenduan gazte guziak ere presente daude. Eta hasieran aipatu dugun Berako elkarretaratzean, hor jarri zen gure ondoan, Berako Toki Ona institutuko ikasle gazte multzo bat. Guretako benetan txundigarria izan zen. Harridura, poza eta jakin-mina jabetu ziren gugan, elkarretaratzea bukatu arte. Eta orduan hurbildu ziren 4-5 bat gurengana eta eskatu ziguten ia erantzunen genien galdera batzuei. Bi aldiz pentsatu gabe baietz erran genien, eta hasi ziren gure mugimendu eta aldarrikapen batzuei buruz galderak egiten. Beren galdetegia bukatu eta erantzunak bildu ondotik, erran ziguten Toki Onako filosofia ikasleak zirela.
Hemendik gure eskerrik zintzoenak ikasle horiei. 2025erako Nafarroako Gobernuko aurrekontuetan guttiengo pentsioa 1.035 eurora goratzea onartu da, baldintza batzuen barnean. Zazpi urteren buruan lorpen horrek poza ematen badu ere, Toki Onako filosofia ikasleek egin zutenak animoz eta gogoz hornitu zuten gure konpromisoa.