15 udalerrik goiti egin dute
Kopurua hazten ari bada ere, udalerri batetik bertzera dagoen joera diferentea da. 2000. urtetik honat, eskualdean dauden 27 udalerrietatik hamabortzetan biztanleriak goiti egin du eta bertze hamabitan beheiti. Bereziki Senpereko (% 62,62), Doneztebeko (% 36,42), Sarako (% 24,03), Donamariako (% 17,57) eta Iturengo (% 11,70) hazkundea dago horren gibelean. Eta neurri ttikiagoan, Berak (% 8,60), Baztanek (% 3,32), Etxalarrek (% 3,17), Elgorriagak (% 2,91), Leitzak (% 2,86), Lesakak (% 1,31), Bertizaranak (% 0,91), Sunbillak (% 0,87), Igantzik (% 0,68) eta Zugarramurdik (% 0,43) ere goiti egin dute.
12 udalerrik beheiti
Gainerako udalerrietan beheiti egin du 2000. urteaz geroztik, eta batzuetan, hagitz nabarmen gainera: Ezkurran (% 41,38), Aranon (% 27,15), Beintza-Labaienen (% 24,48), Goizuetan (% 23,37), Saldiasen (% 18,54), Urrozen (% 16,35) eta Eratsunen (% 13,89). Apalxeago bada ere, herri hauetan ere biztanleriak puntu batzuk beheiti egin du: Areson (% 8,87), Oizen (% 6,25), Zubietan (% 5,86), Arantzan (% 5,34) eta Urdazubin (% 2,55).
Despopulazio arriskuan dauden udalerriak
Nafarroako Gobernuak duela lau urte argitaratu zuen, Nafarroako udalerrien despopulatzeari buruzko ikerketa. 1989tik 2019rako datuak kontuan hartu zituen, eta Goizueta, Ezkurra, Eratsun eta Beintza-Labaien «despopulatzeko muturreko arriskuan» zeudela ondorioztatu zuen; «despopulatzeko arrisku nabarmena» Aranok zuela erran zuen eta «despopulatzeko arrisku handiarekin» eskualdeko bertze bederatzi udalerri izendatu zituen: Arantza, Areso, Baztan, Bertizarana, Etxalar, Oiz, Urroz, Saldias eta Zubieta.
Herri handienetan pilatua
Bada bertze datu adierazgarri bat. 27 herrietatik zazpi dira 1.500 biztanle baino gehiago dituztenak: Senpere (7.170), Bera (3.790), Elizondo (3.516), Leitza (3.023), Sara (2.720), Lesaka (2.716) eta Doneztebe (1.854). Horietan 24.789 lagun bizi dira, hau da, eskualdeko biztanleria osoaren ia hamarretik zazpi (% 67,70).