Astebete pasa da lau eta erdiko txapela irabazi zuenetik eta lehenbiziko egunetako «zurrunbilo erotik» aterata, hasi da oinak pixkanaka lurrean jartzen. Finalaren oroitzapen oso goxoa du, ez soilik garaipenagatik, baita finala bizi izan zuen moduagatik ere: «bi aste aurretik hasia nintzen fuertexeago entrenatzen, oso ongi sentitzen nintzen eta ikusten nuen banituela dohainak kontra egiteko. Beroketak egiterakoan ere oso ongi sumatu nuen neure burua, finala jokatzeko prest. Lasai nengoen, presiorik gabe». Lasaitasun hori izan zen txapela lortzeko gakoetako bat: «iaz Amaiaren kontra finala galdu nuen. Aurten, esperientzia puntu hori edukita, nik uste lasaiago joan nintzela. Horrek ekarri zuen ni hobekiago hastea eta berak ez jakitea non eta nola jokatu».
Betetako ametsa
Markagailuan hamaika tantoko aldearekin irabazi zuen eta azken tantora iritsitakoan, ezin sinetsi lortutakoa: «momentu horretan ez nekien nola erreakzionatu, aitarengana joan nintzen zuzenean eta eman nion besarkada hartan dena hustu nuen». Ez zen gutxiagorako, «txikitatik nuen amets bat bete zen: lau eta erdiko txapelketa irabaztea. Txapela irabaztea beti da kuttuna eta aurrelari batentzat, are gehiago, lau eta erdikoa irabaztea». Uste baino lehenago bete du ametsa: «hemendik aurrera ez dakit zer etorriko den, baina disfrutatzen segitzea da asmoa. Akatsetatik ikastea, hobetzen joatea, baina batez ere pilotan arituz gozatzea».
Txapelaren itzala
Txapelaren itzala zenbatekoa den neurtzeko aukera ere izanen du heldu den urtean: «presio puntu bat izanen da, baina ez diot garrantzia berezirik eman nahi. Hamabost urte ditut eta uste dut oraindik bide luzea dudala egiteko. Oso kontziente naiz, bide horretan, irabazi eta galdu, bietatik izanen dela». Gainera, motibazio iturri ere izan daitekeela uste du: «faboritoa zen bati irabazi badiot, zergatik ez naiz gai izanen beste batzuei ere irabazteko?».
Urte borobila
2024ak eman dizkio baikorra izateko arrazoiak, urte borobila izan dela dio: «egia esan oso gustura ari naiz jokatzen, eroso. Binaka, lau eta erdian… entrenamendu asko egin ditut hori lortzeko». Finaletara iristea lortu du, irabaztea ere bai, eta alde horretatik «gustura» dagoela dio: «ea orain binakako txapelketa nola joaten zaigun». Orain arte tokatu zaizkion bikoteekin oso ongi moldatu izan dela aipatu du eta uste du: «hori kantxan ere nabaritu egiten dela».
«Lan handiagoa egin behar da emakume pilotariei ikusgarritasun gehiago emateko»
Zer hobetua
Baikortasun horrek, ordea, ez dio luzaroan irauten emakume pilotarien egoeraz hitz egiten hasitakoan: «pauso garrantzitsuak eman badira ere, oraindik bada zer hobetua. Adierazgarria da, adibidez, oraindik txapelketetan finalaurrekoak eta finalak baino ez dituztela ematen telebistan». Salbuespenen bat izan omen da: «Plazandreak txapelketa, adibidez, osorik eman zuten, eta oso ongi iruditu zitzaidan. Gainerakoan jendeak finala edo finalaurrekoa jokatu duten pilotariak ikusten ditu, baina ez aurretik jokatzen aritu diren guztiak. Alde horretatik lan handiagoa egin behar da emakume pilotariei ikusgarritasun gehiago emateko». Emakumeek pilotari profesionalak izateko dituzten zailtasunak ere nabarmendu nahi izan ditu: «ez dago nesketan profesional maila bat. Gaur gaurkoz, ezinezkoa da pilotatik bizitzea; beste lan bat eduki beharra duzu. Gizonezkoetan egiten den bezala, emakumezkoetan ere aukera eman beharko litzateke».
Neskak probatzera animatu
Profesionaletara pasa aurretik, ordea, pilotan jokatzen hasi behar da eta neskatoak probatzera animatu nahiko lituzke: «nik uste dut batzuk ez direla ausartzen, lotsa, beldurra, besteek esanen dutenaren kezka… asko dira arrazoiak». Berak, eman zuen pausoa eta ez du imajinatzen bere bizitza pilota gabe: «ez soilik kirolagatik. Pilotak pertsona bezala hazteko aukera eman dit eta batez ere, ongi pasa eta gozatzekoa. Lagunak egiteko garaian ere asko lagundu dit, lehen isilagoa edo lotsatiagoa nintzen, gehiago kostatzen zitzaidan. Kantxan, entrenamenduetan… sortzen den giro horrek asko lagundu dit horretan». Lagunarteko giro horregatik bakarrik ere «pilotan hastea merezi du».
Entrenamenduak
Neska nahikorik ez egoteak entrenatzeko orduan zailtasunak sortzen dituela badaki: «urtetan Aurrerako pilota eskolan mutilekin batera entrenatu izan dut, baina iaz ikusi genuen ezin nuela hor segi. Mutilek indar gehiago dute, beste pilota batzuekin jokatzen dute eta ez nintzen eroso aritzen». Orain, alderdi fisikoa Aurrera pilota eskolan Asier Olaizolarekin lantzen segitzen duen arren, Villabonako Behar Zana taldearekin entrenatzen ari da: «nesken taldea dute han eta inguruko neska asko elkartzen gara. Gure behar edo ezaugarrietara egokitutako taldea da eta giro ederra dugu gure artean».
Etorkizunean, «pilotan bidea egiten segi» eta ahal duen neurrian beste neskentzat ere akuilu izan nahiko luke: «beste neskei bidea egiten laguntzea gustatuko litzaidake». Bide horretan, «hobetzen saiatu, kantxan gozatu eta ikusleei gozaraztea» du helburu «eta txapelak badatoz, ongietorriak izanen dira».