Eskualdeko neska pilotariek ere irabazi dituzte Nafarroako Kirol Jokoetako finalak

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 18a, 19:00

Kadete mailan Umore Onako Sagardui eta Araitz Legarreta suertatu dira txapeldun, infantil mailan, Arkupeko Nahia Almandoz eta Joana Iratzoki igantziarrak eta alebin mailan, Arkupeko Ainara Hita igantziarra eta Eneritz Muñoa lesakarra

Nafarroako Kirol Jokoen barrenean, kadete, infantil eta alebin mailako nesken finalak jokatu zituzten larunbatean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Kadete mailako finalean, Umore Onako Alize Sagardui goizuetarrak eta Araitz Legarreta aranoarrak 22-5 irabazi zieten Oberenako Crespori eta Gomezi.

Umore Onako Legarreta eta Sagardui, kadete mailan txapeldun.

Bertze bi finaletan, Arkupeko eta Adoseko eskualdeko pilotariak izan ziren aurrez aurre. Alebin mailan,  Arkupeko Ainara Hita igantziarrak eta Eneritz Muñoa lesakarrak 18-15 irabazi zieten Ados Pilotako Lazkoz eta Alaitz Aioroa iturendarrari. Infantil mailan, berriz, Arkupeko Nahia Almandoz eta Joana Iratzoki igantziarrek 18-15 irabazi zieten Ados Pilotako Ane Deskarga iturendarrari eta Baleztenari.

Hita, Muñoa, Iratzoki eta Almandoz, Arkupe pilota elkarteko neska txapeldunak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun