Cederna Garalur elkarteak, RuralNav 2024 lankidetza proiektuaren barnean, lurraldeetako elikadura sistemak indartzea izan du helburu. Horretarako, lan ildoetako bat Mendialdeko eta Baztan-Bidasoko nekazaritza ustiategi txikien ekoizpen ahalmena handitzea izan da, tokiko eskaria hurbileko produktuekin hornitzea bermatzeko.
Lurren analisia, nekazaritza eraginkorragoa eta jasangarriagoa lortzeko
Lana bi fasetan egin da. Lehen fasean, Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoaren Zientzia Departamentuaren laguntza izan dugu; horrek ustiategietako lurzoruen potentziala aztertu du. Guztira, Donamaria, Zubieta, Lekunberri, Leitza, Basaburua, Imotz, Larraun eta Ezkurrako bederatzi lursail pribatu aztertu dituzte, baita Baztan, Bera eta Lesakako hiru herri lur ere.
Bidasoa Elikadura enpresako teknikari Itsasne Mendiberriren hitzetan, «lurren analisiak funtsezkoak dira klimatologiak, urak, lurzoruaren ezaugarri geologikoek eta mantenugaiek laboreetan duten portaera ulertzeko, ekoizpenaren potentziala maximizatze aldera, baliabide naturalekin arduratsuak izanik».
Ekoizle txikientzako aholkularitza espezializatua
Bertzalde, INTIAk eta Sustraiak Habitat Designek 12 ekoizleri eman diete aholkularitza haien ustiategiak optimizatzeko eta ingurumen jasangarritasunaren ikuspegitik dibertsifika ditzaten.
Mendialdea Elikadurako teknikari Amaiur Unzuetak nabarmendu duenez, «azterketak tokian bertan egin dira, eta egungo egoeretan hobekuntzak eta ustiategietan berrikuntza berriak hauteman dira, lehen sektorearen profesionalizazioan aurrera egiteko. Horrez gain, lan horrek INTIArekin eta Sustraiakekin lankidetzan jarduteko bide berriak irekitzen dizkigu».
Prestakuntza birsortze praktiken arloan
Aholkularitzaren osagarri gisa, RuralNav 2024tik nekazaritza eta abeltzaintza birsortzaileari buruzko bi prestakuntza eman dituzte; horiek ere Sustraiak Habitat Design enpresak emaak.
Itsasne Mendiberrik lantegi horiek sortutako interesa azpimarratu du: «lehen sektorearen trebakuntzarekiko eta profesionalizazioarekiko interesa erakusten du». Gainera, nabarmentzekoa da, alde batetik, emakumeek prestakuntza horietan duten parte-hartze handia, eta, bestetik, aztertutako ustiategien % 83 emakumeen jabetzakoak izatea. «Horrek agerian uzten du nekazaritza eta abeltzaintza sektorea lurralde maskulino izateari uzten ari zaiola, eta emakumeen enplegurako aukerak eskaintzen dituela».
Horrez gain, oso harrera ona izan du Lekunberrin eman den baratzearen erabilera ekologikoari buruzko prestakuntzak. Bi saiotan banatuta (udan eta udazkenean) eman den prestakuntza etxeko erabileran oinarritu bada ere, eragin handia du tokiko elikadura subiranotasunean, baita ingurune publikoen errespetuan ere.
RuralNav, despopulazioaren aurka borrokatzeko proiektua
Ekintza horiek RuralNav 2024 lankidetza proiektuaren barnean garatu dira. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak finantzatuta, Nafarroako lau Toki Ekintza Taldeek (Cederna Garalur, EDER, TEDER eta Erdialdea) parte hartu dute, eta helburua da landa erkidegoetako erronka demografikoari erantzutea eta tokiko despopulazioa saihestuko duten ekimen disruptiboak identifikatzea eta abian jartzea.