Azken urteotan, mundu osoan klima larrialdiaren aitzinean gobernuen utzikeria salatzeko ekimen ugari sortu dira. Vanuatu bezalako estatu ttikiek, itsasoaren mailaren igoerak erabat mehatxatzen dituen herrialdeek, salaketak aurkeztu dituzte nazioarteko auzitegietan. Bide beretik, La Hayako Nazioarteko Justizia Auzitegian hasi da inoizko entzunaldi handiena, non herrialdeak eta konpainiak epaituak izanen diren klima ekintzen ezagatik. Herri mugimenduek eta herritar taldeek erakutsi dute justizia klimatikoa lortzeko ezinbertzekoa dela gobernuei erantzukizuna eskatzea.
Nafarroako egoera ez da salbuespena. 2019an Nafarroako Gobernuak Klima Larrialdiaren Adierazpena onartu zuen, eta 2022an Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Foru Legea (LFCCTE) jarri zen indarrean. Hitz politak eta agerraldi handiak izan ziren, baina ez dugu ekintzarik ikusi. Bi urte eta erdi igarota, lege horren 28 urraketa identifikatu ditugu:
- Energia berriztagarriak: Oraindik ez da arautu non eta nola ezarri parke eoliko eta fotovoltaikoak.
- Mugikortasun iraunkorra: Ez dago plan argirik herritarrak garraio iraunkorretara bideratzeko.
- Etxebizitza eta eraikuntzak: Energia berriztagarriak integratzeko arauak ez dira onartu, nahiz eta derrigorrezkoak izan behar duten eraikin berrietan.
- Adaptazio plana: Klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko planik ez dago, nahiz eta DANA edo suteak gero eta ohikoagoak diren gure lurraldean.
Nafarroako emisioak 1990ekoak baino % 16 handiagoak dira 2022an, LFCCTE legeak ezarritako 2030erako % 55eko murrizketatik arras urrun. Aldaketa klimatikoaren zientzia ukaezina da eta ondorioak geroz eta nabariagoak dira: lehorteak, bero boladak, suteen intentsitatea, eta bertzelako muturreko fenomeno meteorologikoak. Gure lurraldea ez dago prest horiei aurre egiteko.
Horregatik, Alianza por el Clima Nafarroa taldeak Nafarroako Gobernuaren aurkako demanda jarri du Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, Foru Lege hori ez betetzeagatik. Gobernu batek onartutako legea bete behar du, ez baita aukera bat, legezkotasun kontua baizik. Justizia klimatikoa eskatzen dugu, eta horretarako zure laguntza behar dugu.
Crowdfunding kanpaina bat jarri dugu martxan, gastu juridikoak estaltzeko eta epaitegietan gure ahotsa entzunarazteko. Euro bakoitzak laguntzen du klima justizia eta gobernuaren erantzukizuna exijitzeko. Nafarroako etorkizuna dugu jokoan.
Ekintza garaia da. Klima larrialdiaren aitzinean, ez dugu gibelera eginen. Gobernuak legea bete dezala eta benetako konpromisoa har dezala eskatzen dugu.