Oriamendik antolatutako binakako erremonte txapelketaren berrogeita hamalaugarren edizioko lehen faseko azken jardunaldi erabakigarria jokatu zen larunbatean Hernaniko Galarretan. Segurola eta Barrenetxea IV.ak 2-0 (15-4 eta 15-8) irabazi zieten Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Azpirozi. Honela, bikote gipuzkoarrak finalerako zuzeneko txartela lortu zuen eta Ezkurrak eta Azpirozek, Urrizaren eta Larrañagaren kontra jokatu beharko dute finalerdia. Ansa II.a eta Aritz Juanenea saldiastarra kanporatuak gelditu dira.
Bigarren mailako azken jardunaldiari dagokionez, Aldabek eta Aiestaran VI.ak 2-0 irabazi zieten Irazuri eta Zalduari. Irabazleek finalerako zuzeneko txartela lortu zuten eta galtzaileak txapelketatik kanpo gelditu dira. Bertze partidan, Loitegik eta Aritz Zubiri goizuetarrak 1-2 galdu zuten Gurrutxagaren eta Martiarenaren kontra. Halere, kasu honetan, galtzaileak finalerdietan izanen dira eta irabazleak txapelketatik kanpo gelditu dira.
Hain zuzen, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Oier Apezetxea goizuetarrak, Loitegiren eta Aritz Zubiri goizuetarraren kontra jokatuko dute finalerdia. Irabazten duen bikoteak, Aldabaren eta Aiestaranen kontra jokatuko du bigarren mailako finala.