Uterga eta Matxin III.a aurrez aurre izanen dira larunbat arratsaldean

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 13a, 15:00

Xanti Uterga doneztebarra eta Matxin III.a aurrez aurre izanen dira larunbatean Iruritako Aranabian, Gabonetako banakako erremonte txapelketaren lehen finalerdian.

Iruritako Aranabia pilotalekua izanen da Gabonetako banakako erremonte profesionaleko lehen finalerdiaren lekuko

Euskal Jai Berri erremonte fundazioak eta E•Remonte Iruña SL enpresak antolatutako Gabonetako banakako erremonte profesionaleko txapelketa Martiko 2024ko Sari Nagusiko lehen finalerdia jokatuko dute gaur egungo txapelduna den Xanti Uterga doneztebarrak eta Matxin III.ak abenduaren 14an, larunbatean 18:00etan hasita, Iruritako Aranabia pilotalekuan.

Txapelketa osoa bezala, Esklerosi Anizkoitza Nafarroa elkartearen aldeko jaialdia izanen da Iruritakoa. 22 urtez goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte artekoek bortz euro eta 16 urtez beheitikoek sarrera doan izanen dute.

Bigarren finalerdia abenduaren 20an, ortziraleak 19:00etan jokatuko dute Otanok eta Ionek Agoitzeko pilotalekuan. Bi finalerdietako irabazleek abenduaren 27an, ortziralean 18:45ean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Finala Navarra TV telebistak emanen du zuzenean.

Uterga eta Otano izan ziren iaz finalista eta horregatik zuzenean ariko dira finalerdietan. Beraiekin batera, Matxin III.ak eta Ionek lortu dute Iruritako Aranabian egunotan jokatu diren kanporaketetan finalerdietarako txartela. Bederatzi erremontista aritu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun