Data hauetan ohikoa denez, Gabonetako banakako erremonte profesionaleko txapelketa Martiko 2024ko Sari Nagusia jokatuko da egunotan, Euskal Jai Berri erremonte fundazioak eta E•Remonte Iruña SL enpresak antolatua, Esklerosi Anizkoitza Nafarroa elkartearen alde. Abenduaren 10ean, astearte arratsaldean egin zuten aurkezpena Elgorriagako bainuetxean eta lehen finalerdia ere eskualdean jokatuko da, abenduaren 14an, larunbatean 18:00etan Iruritako Aranabia pilotalekuan.
Hain zuzen, lehen finalerdi horretan ariko dira Xanti Uterga doneztebarra eta Matxin III.aren kontra. Bigarren finalerdia abenduaren 20an, ortziraleak 19:00etan jokatuko dute Otanok eta Ionek Agoitzeko pilotalekuan. Bi finalerdietako irabazleek abenduaren 27an, ortziralean 18:45ean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Finala Navarra TV telebistak emanen du zuzenean.
Uterga eta Otano izan ziren iaz finalista eta horregatik zuzenean ariko dira finalerdietan. Beraiekin batera, Matxin III.ak eta Ionek lortu dute Iruritako Aranabian egunotan jokatu diren kanporaketetan finalerdietarako txartela. Bederatzi erremontista aritu dira.