Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketak abenduaren 7an jokatu zituzten Mungian (Bizkaia). Azken urteetako ohiturari eutsiz eta pronostikoak betez, emakumezkoetan Ainhoa Etxegarai beratarra (hirugarren aldiz txapeldun) eta gizonezkoetan Unai Iantzi aniztarra (laugarrenez) aise nagusitu ziren. Batak zein bertzeak ez zuten txapelari eusteko arazorik izan.
Emakumezkoetan Ainhoa Etxegarai Elgorriaga beratarra izan zen eskualdeko ordezkari bakarra, Nafarroako eta Euskal Herriko azken bi urteetako txapelduna. Zazpi minutu eta 23 segundo behar izan zituen 50 koxkorrak biltzeko eta bigarren sailkatuari 29 segundoko tartea atera zion. Beratarraren gibeletik Amaia Jimenez de Vicuña (07.52), Nerea Huarte (07.56), Maider Etxezabal (07.58), Estibaliz Messeguer (08.17) eta Leire Larrazabal (08.46) sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Gizonezkoetan ere Unai Iantzi Maritorena aniztarra aise gailendu zen. Bera da Nafarroako eta Euskal Herriko azken txapelduna eta aurtengo txapela ere berak jantzi du, Euskal Herrian laugarrena. Sei minutu eta 27 segundo segundoz bukatu zituen 50 koxkor biltzeko lanak, bigarren sailkatu zen Aritz Martini hamahiru segundoko aldea aterata (06.40). Hauen ondotik Michel Guilçouk osatu du podiuma (06.47) eta ondotik sailkatu dira Lur Gil nafarra (06.53), Patrik Saitua (07.06), Aitor Elissalde (07.21), Guillermo Lopez (07.25) eta Mikel Aingeru (07.50).