Joxean Etxeberria Zigako aizkolariak bota zuen apustua, gaur egungo edozein aizkolariri, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi, Eneko Otaño edo Hodei Ezpeleta izan ezik. Aizkora apustuetan ohikoa denez, Tolosako Kantabriko Ostatuan paratu zuen hitzordua abenduaren 6an eta han agertu zen Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarra, apustua onartzeko prest. Azkenean, 4.000 euro izanen dituzte jokoan eta hamabina kanaerdiko eta 60 ontzako seina enbor moztu beharko dituzte martxoaren 8an, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan.
Duela hilabete batzuk Etxeberriak Nafarroako aizkolariei, Iker Vicente izan ezik, egin zien desafioa eta Ibai Soroak interesa agertu bazuen ere, ez zuten biendako data egokirik topatu.
Etxeberria eta Basozabal Euskadiko txapelketaren finalean izan ziren aurrez aurre. Donostiarra hirugarren izan zen eta Zigakoa laugarren, minutu bateko aldearekin.