Euskal Herriko launakako sokatira txapelketako lehen finalak jokatu dituzte azaroaren 30ean, larunbatean Txantrean. Gizonezkoak 310 kilotan eta emakumeak 250 kilotan lehiatu ziren eta Beti Gazte eta Txantrea izan ziren txapeldun, hurrenez hurren.
Gizonezkoetan, Antsoaingo kanporaketan bezala, Txantreako finalean ere Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak eta txapela jantzi zuen. Laukote txapeldunean Xuban Arozena irundarra, Beñat Ordoki, Iker Pikabea eta Unai Gurrutxaga aritu ziren tiran, Ander Mitxelena entrenatzaile eta Julen Palenzuela laguntzaile zituztela. Beti Gazteren ondoan, Ezpeletako Ñapurrak bigarren eta Zuraide hirugarren, igo ziren podiumera.
Emakumezkoetan, berriz, etxeko taldea, Txantrea suertatu zen txapeldun, Ibarra bigarren eta Araxes hirugarren. Beti Gazte laugarren izan zen. Ane Gurrutxaga, Uxue Zabaleta (Leitza), Maddalen Lopez eta Andrea De Rueda (Doneztebe) aritu ziren tiran, Maria Iantzi entrenatzaile eta Irantzu Goienetxe laguntzaile.
Txapelketa mistoa abenduaren 14an
Gizonezkoen eta emakumekoen txapelak banatu ondotik, astebeteko atsedenaldia izanen dute tiralariek eta txapelketa mistoa (280 kilo) jardunaldi bakarrean jokatuko dute abenduaren 14an Muruetan (Bizkaia).