Ikasturte honetan 53 lagun hasi dira Baztan-Bidasoko solaslagunen taldeetan

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 1a, 09:00

Ortzegunean Mintzodromoa egin zuten Elizondon solaslagunek.

Eta euskaraz egiten badugu? Lelo hori hartuta, Bortziriak, Malerreka eta Baztango solaslagunek ikasturtea hasi dute eta horietako batzuen testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk. 

Aldi honetan, 53 lagun apuntatu dira –zazpi bidelagunak–, eta astean behin, giro goxoan, euskaraz aritzeko biltzen dira, talde berean euskaraz aise moldatzen direnak –bidelagunak– eta euskara hobetu nahi dutenak – bidelariak–. Euskaltzaleen Topagunea dago dinamikaren gibelean eta debalde da. 

Bortzirietan, Beran bi talde eta Lesakan talde bat elkartzen dira; Malerrekan, Iturenen talde bat eta bertze bat Donezteben. Horiez gain, asteroko maiztasunik gabe, bertze talde bat ekintza osagarrietan parte hartzeko biltzen da. Baztanen, berriz,  hiru talde osatu dituzte.

Hiztegia aberastera batzuk, hitz jarioa hobetzera bertze batzuk, beldurra eta lotsa galtzera... Solaslaguna egitasmoaren helburua argia da: euskaraz aritzeko eremuak saretzea, euskaraz solastatzeko aukerak emanez eta euskarazko harremanak sortuz. Honela gaineratu du Mertxe Gerriko Solaslaguneko dinamizatzaileak: «Erabileran aurrerapausoa ematea beharrezkoa den garai honetan, ezagutzaren eta erabileraren arteko zubi lana egiteaz gain, Solaslagunak hiztun berriak sortzen laguntzen du».

Interesa dutenek izena telefonoz (610 92 06 73) edo e-mailez (solaslaguna@topagunea.eus) ematen ahal dute.

«Mintzapraktika taldeetan parte hartzeak alde positibo aunitz ditu»

Begoña Elejabarrieta, Gartzaingo bidelaguna

Bere garaian bertzeengandik hartu zuena, bueltatzen ari da gaur egun Begoña Elejabarrieta solaslagunen taldean. Bidelaguna da, baina kontatu duenez, «bidelagunekin ikasi nuen euskaraz, eta holako talde batean solas egiteko aukera eskaini zidaten, erraztasuna lortzeko. Hizkuntza gauza bizia da eta ez baduzu praktikatzen ez duzu aitzinera egiten». Hala, Durango (Bizkaia) utzita, duela urtebete Baztanera bizitzera etorri zenean, bertako solaslagun taldean parte hartzeko aurkeztu zuen bere burua.

Egitasmoari «ekarpen polita» egiten diolakoan dago, eta agerian utzi du «kontent» dabilela: «Ematen duzunean, nik uste, beti hartzen duzula». Kontatu duenez, «hasieran liburutegian edo kultur etxean elkartuko ginela pentsatzen nuen, baina taldekideek ostatu batean kafe bat hartuz elkartuko ginela erran zidaten. Giroa sortzeko ideia polita izan zen». Bertzeak bertze, «jendea ezagutzeko» aukera eman dio, eta «mintzapraktika taldeetan elkartu eta solasean aritzeak alde positibo aunitz» dituela gaineratu du.

«Egunero euskaraz aritzen saiatzen naiz»

Jakes Xanti Maillard, Amaiurko solaslaguna

Jakes Xanti Maillardek zazpi urte daramatza Baztanen bizitzen, eta «AEKri eta Elizondoko eta Doneztebeko solaslagunen taldeei esker, euskara ikasteko erronkari aurre egiten» ari da. «Egunero» saiatzen omen da euskaraz mintzatzen, baina oraindik ere bere euskara mailarekin «lotsatzen» dela onartu du: «Orokorrean entenditzen dut jendeak erraten duena, baina ez naiz ausartzen parte hartzen». Baina lagunartean bai: «Aukera baldin badut lagunekin euskaraz mintzatzen saiatzen naiz». 

«Euskara maila hobetzen lagundu dit»

Andrew Smith, Zubietako solaslaguna

Andrew Smithek bost urte daramatza Solaslaguna ekimenean parte hartzen. «Inguru informalean euskara aditzeko eta euskaraz solas egiteko» apuntatu zen, eta «neurri ttiki batean» euskara maila hobetzen lagundu diola kontatu du. «Jende interesgarriarekin solastatu bidenabar garagardo bat hartzeko» aukera izatea da Solaslagunatik «gehien» gustatzen zaiona. Bere irudiko, «sistema ona da, ingelesez esaten dugun bezala, 'The more, the merrier'. [Zenbat eta gehiago, orduan eta hobeki]»

«Arras ona izan da euskalduntzeko»

Laura lopez, Elizondoko solaslaguna

«Solasgun taldeetan parte hartzea arras ona izan da nire euskalduntze prozesua hobetzeko. Jarioa lortzen eta euskara hobetzen aunitz lagundu dit». Hala dio azken hamabi urteotan Baztanen bizi den Laura Lopezek. Jarioa lortzeko ez ezik, «lagun euskaldunen sarea lortzeko» balio izan dio: «Jende aunitz ezagutu dut euskaraz, eta haiekin harremana euskaraz mantentzen dugu, baita solaslagunen taldeetatik kanpo ere». Gehiago ere bai: «Edozeini gomendatuko nioke solaslagun izatea». 

«Kuadrilla berri bat bihurtu gara»

Jorge Elias, Lesakako solaslaguna

«Egitasmoari buruz deus jakin gabe» apuntatu zen Jorge Elias Solaslagunean. Kontatu duenez, «nire helburua ahalik eta agudoen euskara ikastea zen».  Zazpi urte pasatu dira geroztik, eta «euskara maila hobetzen lagundu» diola adierazi du. Ez hori bakarrik: «Hainbat pertsona ezagutzeko» ere balio izan dio. Horixe du gustukoena, hain zuzen: «Kuadrilla berri bat bihurtu gara». Bere hitzetan, «euskara batua herriko euskalkiarekin lotzen hasteko modu bat da Solaslaguna, normalean euskaldun zaharrak daudelako».

«Euskaraz egiteko apuntatu nintzen»

Daniel Moreno, Berako solaslaguna

«Jendearekin egoteko eta euskaraz egiteko» eman zuen Daniel Morenok Solaslagunean izena. Duela lau urte izan zen hori, eta horri esker «jarioa ez dut galdu». Solaslagunaren barrenean egiten dituzten ekintzen artean, geldialdiak ditu gustukoenak, baina esplikatu duenez, «ez naiz guzietara joaten». Bere esperientzian oinarrituta, solaspraktika egitera animatzeko deia egin du: «Gomendatuko nuke. Halere, ez dirudi oraindik gazteen artean ospe handia duenik».

«Euskara biziago sentitzen dut»

Izaskun Juanena, Doneztebeko solaslaguna

«Mingaina libratzeko gogoa» zuelako hasi zen Izaskun Juanena Solaslagunean parte hartzen duela hiru urte. Batetik, «C1 atera ondotik, praktikatzen ez banuen hantxe gelditzen zela» ikusten zuelako, eta bertzetik, «ikasitako euskaran ari baino nahiago nuelako bertako euskaran solastatu». Kontent da eta «lagundu» diola dio; «biziago sentitzen dut euskara». Aldi berean, «hemengo hiztegia ikasteaz aparte, astero lagunekin elkartzeko» aukera ematen dio Solaslagunak.

«Solaslagunak lotsa galtzen lagundu dit»

Iñaki Castillo, Berako solaslaguna

Jokin lagunak proposatuta animatu zen Iñaki Castillo Solaslagunean parte hartzera: «Aita kanpotarra zen eta etxean erdaraz egiten genuen. Eskolan eta institutuan ere erdaraz egiten genuen, eta lagunekin hasi nintzen euskaraz». Ez da damutu hartutako bidearekin, hamahiru urte pasatu baitira Solaslagunean hasi zenetik. «Lotsa galtzen lagundu» omen dio, eta gainera, «taldean ongi pasatzen dugu, lagunartean sentitzen gara». Jendeari parte hartzeko gomendatu dio. 

«Ikasi nahi dutenekin egotea atsegin dut»

Julia Anton, Berako solaslaguna

Julia Antonek hiru ikasturte daramatza Solaslagunean parte hartzen. Aitortu duenez, «aunitz gustatzen zait denetarik ikastea» eta horixe izan zen apuntatzeko arrazoia. Euskara maila hobetzen eta jarioa lortzen lagundu diola kontatu du, baina onartu du, hortik aparte, «gramatika behar dudala». Gainerakoan, «ikasteko helburu bera duten pertsonekin egotea atsegin» duela gaineratu du eta parte hartzeko gonbita egin du: «Hagitz ongi pasatuko lukete». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun