Oronozko Lanbide Heziketa zentro berriaren eskaintza ez murriztea eskatu dute alkateek eta ikastetxeek Nafarroako Parlamentuan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 27a, 20:00

Ladis Satrustegi (Lesaka), Arantxa Arregi (Doneztebe), Fernando Anbustegi (Baztan) eta Aitor Elexpuru (Bera) alkateak, Nafarroako Parlamentuaren atarian egin zen elkarretaratzearen aitzinean.

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza batzordearen saioan parte hartu zuten atzo Baztan, Bera, Doneztebe eta Lesakako alkateek eta Elizondo Lanbide Eskolako eta Berako Toki Ona Institutuko zuzendariek. Hezkuntza Departamentuak Oronozko Lanbide Heziketa zentro berriko lanak 2026an hasiko direla hitz eman du eta egutegia zuzen betetzeko jarraipen batzorde bat sortzea eskatu zuten. Aldi berean, zentro berriko eskaintza ez murriztea ere eskatu dute. Baztan-Bidasoko udal eta ikastetxeetako ordezkariak parlamentu barrenean ziren bitartean, atarian elkarretaratzea ere egin zuten sindikatuetako ordezkariek.

Baztan-Bidasoalderako Lanbide Heziketa zentro berri bateratuaren ekimena 2012an planteatu zela lehen aldiz aipatu zuten, duela hamabi urte, eta oraindik ez da egiten hasi. Baztan-Bidasoaldeko alkate zein ikastetxeetako zuzendarientzat «proiektu estrategikoa» da Oronozko Lanbide Heziketa zentro berria.

Alkateen eta zuzendarien azalpenen ondotik, Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko kideek hartu zuten hitza. EH Bildurentzat, «ez da bakarrik hezkuntza proiektu bat, baita proiektu sozioekonomiko bat, Nafarroako inbertsio proiektu handienetako bat baita eta 600 ikaslerendako lekua izanen baitu»

UPNk, gobernuak proiektu honekin eta, orokorrean, hezkuntza arloan egindako kudeaketa eskasa» salatu zuen. Geroa Baik proiektuari babesa adierazi zuen eta eskualdeko bertze arlo batzuetan ere plan estrategiko hau aplikatzea planteatu zuen. Contigo-Zurekin taldeko ordezkariak ere proiektua babesten segitzen dutela adierazi zuen, «eskualdeko garapenerako eta despopulazioaren kontrako borrokan beharrezkoa den neurrian». PSNk ere proiektuarekin duen konpromisoa berretsi zuen, baina PPNk konpromiso hau zalantzan jarri zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun