Koldo Herrera Sunbillako txirrindulariak eta Dani Iparragirre Arantzako korrikalariak irabazi dute aurten ere Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua. Larunbatean Adunan jokatu zen azken proba eta horretan ere garaile izan zen bikotea. Guztira sei probetatik lau egin dituzte Herrerak eta Iparragirreik; Kanpezu, Amasa, Aia eta Adunakoa, eta Aiakoan izan ezik (bigarren izan ziren), bertze hiruetan garaile suertatu dira. Aburuza sagardotegian egin zuten ospakizuna.
Aipatzekoa da Adunako proban Eneko Herrerak, Koldoren anaiak, bakarka parte hartu zuela eta binakako proban, bigarren izan ziren Sunbillako Eneit eta Ekaitz Bertiz sunbildarrak.
Adunako azken proban, banaka, Maddi Olaetxea eta Iker Eskibel gailendu ziren, baina Zirkuituko sailkapen orokorrean, Nekane Pradera eta Eneko Gurrutxaga izan dira txapeldun.