Tokiko hedabideen indarguneak eta erronka berriak argitara, Tokikom Sarien ekitaldian

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 23a, 08:30

Jardunaldiko parte hartzaileak, atzoko ekitaldian, Artikako kultur etxean

Tokikom Sarien zortzigarren edizioaren bueltan, ekitadia egin zuten atzo dozenaka lagunek Artikan. Lau sari banatu ditu aurtengoan tokiko hedabideen bateraguneak: eduki onenarena Gukak jaso du, azal onenarena Guaixek, ikus-entzunezko onenarena Antxeta irratiak eta Nafarroa Saria Pulunpe hilabetekariak eta Esan-Erran irratiak. Gainera, euskarazko toki komunikabideen erronkak aztertzeko eta gogoetak partekatzeko aukera izan dute ekitaldira joandakoek. Ikusi Goierri Telebistak prestatutako erreportajea hemen.

Erankundeak bidelagun

Iban Aranzabal Tokikomeko lehendakariaren ongietorri hitzen ondotik, erakundeetako ordezkariek hartu zuten hitza. Nafarroako Gobernuaren izenean, Jabier Arakama Euskarabidea / Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak tokiko hedabideek komunitatea eratzeko duten gaitasuna nabarmendu zuen: “Jendartea euskararen inguruan sentsibilizatzen laguntzen duzue”. Halaber, Euskarabideak tokiko hedabideekin duen atxikimendua ere azpimarratu nahi izan zuen.

Haren segidan, Jokin Azkue HABEko zuzendariak hitz egin zuen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren izenean. Tokiko hedabideak berrindartzeko beharra azpimarratu zuen, mundu mailan ematen ari diren aldaketen aurrean: “Kontsumoan ere aldaketak ematen ari dira, eta horren adibide dira sare sozialak. Oinarrian, baina, hedabideen kalitatea dago, eta horiek gabe ezin da kontsumoa sustatu”. Eusko Jaurlaritzak “bidelagun” izan nahi duela erran zuen, eta lankidetzarako luzatu die eskua tokiko hedabideei.

Sariak azalik, edukirik eta ikusentzunezkorik onenei

Hitzartzeen ondotik, 2024ko Tokikom Sariak banatzeari ekin zitzaion. Kategoriaz kategoria banatu zituzten hiru sari Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatu zuen ekitaldian. Azal onenaren saria Sakanako Guaixe aldizkariarentzako izan da, 'Matxismoa ari du' goiburu duen aldizkariaren azalarekin.

Edukirik Onenaren Saria Azpeitia Gukarentzat izan da. Maialen Etxaniz kazetariak aldizkariaren maiatzeko zenbakirako 'Gelditu dira inprentaren makinak'izenburupean egindako erreportajea nabarmendu du epaimahaiak. 

Ikusentzunezko Onenaren Saria, berriz, Antxeta irratiarentzat izan da, 'Uhin inklusiboak' lana tarteko. Ikus-entzunezko eduki sorta hori jendarte eredu anitzagoaren eta inklusiboagoaren aldekoa dela erran du epaimahaiak. 

Azkenik, aurten, sari berezi bat ere banatu du toki komunikabideen bateraguneak. Hain zuzen, ekitaldia Nafarroan egin denez, eta Nafarroako Laboral Kutxaren babesletzari esker, Nafarroa Saria eman dute. Lurralde horretako kultur ondarea hobekien islatzen, aniztasuna hobekien transmititzen eta Nafarroaren irudia eta atxikimendua hobekien sustatzen duen edukiari eman diote saria. Ultzamaldeko Pulunpe komunikazio taldeak argitaratutako 'Dialeko azkenak' ikus-entzunezko lanari eman diote Nafarroa Saria. Epaimahaiak Pulunpek argitaratutako lana azpimarratu du, “arrunt ongi” jasotzen duelako garai batean Nafarroako toki askotan pil-pilean zegoen euskarafobia. 

Gogoeta hainbat hizlariren laguntzaz

Behin sari banaketa ekitaldia bukatuta, euskarazko toki komunikabideen erronkak aztertzeko eta esperientziak zein gogoetak partekatzeko aukera izan dute Artikan bildu diren profesionalek. Horretarako bidea eman diete Jon Sarasua Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren koordinatzaileak, Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideek eta Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak, hitzaldi banarekin.

Sarasua izan da hitza hartzen aurrena, eta 4.2: EHM Estrategia izenburupean, Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren baitan egiten ari diren lanketan hedabideei aitortzen dieten izaera estrategikoa landu zuen. Izan ere, datozen 25 urteetan euskarak egin behar duen bidean estrategikotzat jotzen dituzte tokiko hedabideak, euskarak, eskala gehienetan ez bezala, eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera daukala iritzita. Eta ildo horretan, eskualdeetako hedabide multimedien estrategia izendatu dutenaren ardatzak zeintzuk diren azaldu zuen. “Orain arte egin duguna egitea ez dugu nahikoa izango; 80ko hamarkadan ETBren aldeko apustu garbia egin zen, baina aurrera begira, euskal hedabidegintzan matrize aldaketa behar dugu, dena askoz gehiago fragmentatuta dagoelako”. Eskualde mailako komunikazioan euskarazko hedabide taldeek lidergoa har dezaketela erran zuen, “lidergo garbia eskualde euskaldunetan, eta lidergo esanguratsua ez horren euskaldunetan”. Bide horretan, Goiena komunikabidea jarri zuen eskualde mailan lidergoa eskuratu duen hedabide baten adibide gisa.

Sarasuak nabarmendu zuen ideiaren ildotik, gauzak berdin egiten jarraitzea aukera bat ez dela adierazi dute AEK-ko Etxezarretak eta Gartziak ere euren hitzartzean. Aurki 50 urte beteko ditu AEK-k, eta urteotan guztiotan, garaian garaiko testuingurura egokitu ahal izateko ezinbestekoa izan dute etengabeko eraldaketa, "batasuna" eta "koordinazioa". Gaur egun, AEK-k 97 euskaltegi eta 41 ikasgu (eskualde mailako unitate) ditu Euskal Herri osoan, ia 600 langile-bazkide. “Gabeziei erantzuteko gai izanen den funtzionamendua eta organigrama onartuta, horiek indarrean sartzeko lanean ari gara. Horiek erabakitzeko bidean, funtsezkoak izan dira bazkideen parte hartzea eta bakoitzak bere roletik egin duen ekarpena, eta erresistentziak egon diren arren, horiek ere aberastu egin dute prozesua”.

Azkenik, elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak, 'elDiario.es: un periódico con socias y socios' hitzaldian, euren hedabidearen ereduaz jardun zuen, nabarmenduz 95.000 bazkideren sostengua izateak kazetaritza independentea egitea ahalbidetzen diela. Bazkideak proiektuaren protagonistak direla erran zuen, haiek direla proiektuaren erdigunean daudenak, eta haiei esker independentzia editoriala blindatzen dutela botere politikoaren, enpresarialaren eta ekonomikoaren presioen aurrean. Herritarrak erakartzeko estrategiez eta haien atxikimendua lortzeko gakoez jardun zuen Argelinak, eta baita bazkideei modu esklusiboan eskaintzen dizkieten produktuez zein zerbitzuez ere. “Bazkideak aunitz zaintzen ditugu, xehetasunak ere bai, eta hori izugarri baliosten duten zerbait da. Gauzak etengabe hobetzen saiatzen gara, eta horretaz jabetu egiten dira eta eskertu egiten digute”.

Eduardo Galeanoren esaldi batekin eman zion bukaera ekitaldiari: «Jende xehe aunitzek, toki ttikietan, gauza xumeak eginez, mundua aldatu dezakete». Tokiko hedabideen jardunera ekarri zuen esaldia, ttikitasunetik aunitz egin baitezakete. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun