«Etxebizitzaren prezioen tentsioa murrizteko» helburuarekin, Nafarroako Parlamentuak gune tentsionatuak izendatzeko prozesua abiatu du 21 udalerritan. Haien artean dago Baztan, non azken bortz urteetan alokairuen prezioa % 137,93 igo den eta salmentaren prezioak %27,04 egin duen goiti. Datuak lotsagarriak dira, bai.
Udaz geroztik dabil Foru Gobernua neurri hori hartuko zela iragartzen eta itxaropen haundiak hauspotu dituzte deus guttirako balioko duen zerbaiti buruz. Etxebizitzari buruzko foru legea Estatuko legedira egokituko bada ere, erregulazio horren eraginkortasuna izugarri mugatua izanen da.
Gune tentsionatuak izendatzeak, teorian, prezioak arautzeko aukera dakar. Hau begietara gustagarria izan badaiteke ere, letra ttikia irakurriz gero kolpe ederra hartuko dugu muturrean. Hasteko, lege honek soilik alokairuen prezioei eragiten die, eta horien artean, alokairu kontratu berriei baino ez die eraginen: indarrean dauden alokairu kontratuen berritzeek ez dute prezio mugaturik izanen, baizik eta lehendik aplikatzen zitzaien igoeren muga berbera.
Hori gutti balitz, berriak diren kontratuen artean ere, kasu gehienetan –azken bortz urteetan uneren batean alokatuta egon diren jabe ttikien etxebizitzen kasua– ez dago prezio mugarik: prezio berria indarrean dagoen aurreko alokairu kontratuari egokitu behar zaiola baino ez da ezartzen, eguneratzeko (igotzeko) aukerarekin –oraingoz % 3ra mugatuta. Eta dakigunez, legea eginda, tranpa eginda: igoeren muga hori gainditu daiteke jabeek salbuespenak baliatzen badituzte –efizientzia energetikoan edo irisgarritasunaren birgaitzean hobekuntzak egiteko, bertzeen artean– eta kasu horietan % 10erainoko igoerak ahalbidetzen dira.
Gogoratu dezagun Mendialdean –eta Mendialdetik kanpo– alokairu merkatuaren parte diren etxebizitza gehienak jabe ttikienak (bortz etxebizitza baino guttiago jabetzan dituztenak) direla; hori kontuan izanik, ohartuko gara honelako neurrien irisgarritasun erreala hutsaren parekoa dela: Elizondon bizi banaiz eta nire etxejabea ttikia bada, jada % 137,93ko igoera pilatu duen alokairu prezioa % 140tik goiti ez igotzea lortuko dute (eta eskerrak eman behar!). Neurri honek ez digu eraginen maizter gehienoi. Letra ttikia irakurrita, zentzua hartzen diogu atsotitzari: urrutiko intxaurrak hamalau, hurbildu eta gero lau.
Gainerako kasuetan, gehieneko prezio bat aplika daiteke: jabe handien etxebizitzen kontratu berriak –bortz etxe edo 1.500 m2 baino gehiago– eta azken bortz urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzen kontratu berriak. Prezio hauei ezarriko zaien muga, oraindik ezagutzen ez dugun «erreferentziazko prezioen indize» batean oinarrituta aplikatuko litzateke, eta jabeek euren etxebizitzen ezaugarrien inguruan egiten dituzten adierazpenaren arabera manipulatu ahal izanen litzateke, irregulartasunetarako tartea utzita. Legea eginda, tranpa eginda.
Laburbilduz: prezioak ez dira jaisten, igoerak daude, eta kasu batzuetan soilik ezarriko da muga bat, biztanleriaren gehiengoak jada eskuraezina duen alokairu merkatuko prezioen zati ttiki baten gainean. Horrekin batera, jabeentzako pizgarriak, errenta aitorpeneko kenkariak eta dirulaguntzen koktel bat egonen da. Honen guztiaren eskutik, ziurrenik eraikuntza ziklo berri bat abiatuko dute ere, «lankidetza publiko-pribatua» sustatzetik. Egur zaharra, su txarra. Badakigu nor aberastuko den noren bizkar. Menua ez da hain gustagarria, ezta?
Etxebizitza krisiari aurre egiteko, funtsezkoa da etxebizitza aktibo finantzario bihurtzen duen merkantilizazioari zuzenean eraso egitea, arazoa partzialki soilik arintzen duten neurriak proposatu beharrean. Espekulazioak prezioen gorakada jasanezina ekarri du, maizter aunitz alokairuaren merkatu libretik kanporatuz.
Egoera honen aitzinean, eta orotariko alderdi eta politikari profesionalen aurrean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuek abenduaren 14an 13:00etan, Bilbon deitu duten manifestazio nazionalera joateko deia egiten dugu. Baita honen aurretik Iruñean azaroaren 28an eginen den mobilizazioan parte hartzeko ere.