Eskualdez eskualde hauek dira azaroaren 25aren bueltan antolatutako mobilizazioak eta ekitaldiak.
Bortziriak
Elkarretaratzeak eginen dituzten azaroaren 25ean, astelehenean. Alde batetik, instituzioek deituta, Arantzan, Igantzin, Lesakan eta Etxalarren 12:00etan herriko plazan bilduko dira eta 11:00etan Toki Ona institutuko patioan, zelai gorrian. Horrez gain, hiru herritan mugimendu feministak deituta bertze hiru elkarretaratze eginen dituzte. Etxalarren 18:30ean elkartuko dira herriko plazan, Lesakan 19:30ean Plaza Zaharrean, eta Bera 20:00etan Mukixun.
Ekitaldiei dagokionez, Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, Biografia del cadáver de una mujer dokumentala emanen dute Beran bihar, ortziralea. Yamiled Giraldoren oroimenean egindako dokumentala da, eta ondotik, Itxaropen Gune elkartearen hitzaldia izanen da. 18:30ean izanen da Berako Kultur Etxean.
Heldu den asteazkenean, azaroaren 27an, Bea Ilardia Olangua abokatu feministarekin indarkeria bikarioari buruzko hitzaldia izanen dute 18:00etan Arantzako liburutegian.
Malerreka eta Bertizarana
Malerrekako eta Bertizaranako mugimendu feministak deituta, karrikara aterako dira Malerrekan eta Bertizaranan ere. Azaroaren 24an, igandean, Liliak xuri beltzean. Indarkeria matxistari musika eta hitzak ikuskizuna izanen dute 18:00etan Doneztebeko Herrigunean. Ondotik, tertulia eta merienda izanen dituzte.
Biharamunean, azaroaren 25ean, elkarretaratzea eginen dute 19:00etan Donezteben Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean Parrokia karrikan.
Aske Emakume Taldeak antolatuta, berriz, heldu den ortziralean, hilaren 29an, La violencia invisible dokumentalaren emanaldia izanen da. Ondotik, Sara Vicente abokatuak zalantzak eta galderak erantzunen ditu 19:00etan Herrigunean.
Baztan eta Xareta
Baztanen ere azaroaren 25aren bueltan hainbat ekimen antolatu dituzte mugimendu feministak zein Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzuak.
Bihar, ortziralea, hilaren 22an, Miren Orozkok indarkeria bikarioari buruzko solasaldia emanen du, Ez da antzerkia, indarkeria bikarioa da izenburupean, Arizkunenean 17:00etan. Igandean, azaroaren 24an, Iruritako Gizarte Bilgunean helduentzako Behi jasa antzerkia izanen da 18:00etan.
Azaroaren 25ean, aldiz, 19:00etan elkarretaratzea eginen dute Elizondoko plazan mugimendu feministak antolatuta Hedatu gaitezen zintzilik ez gelditzeko. Gelditu dezagun erreakzio antifeminista lelopean.
Xaretari dagokionez, larunbatean, hilaren 23an Bortizkeria matxistarik ez! lelopean elkarretaratzea eginen dute Sarako plazan 11:00etan. Ilunabarrean, 19:00etan Lorena Arangoaren Terapia antzezlana izanen da Urdazubin, Ondotik, Ugarana emakume elkarteak luntxa banatuko du.
Leitzaldea eta Urumealdea
Leitzan, Areson eta Goizuetan ere kalera aterako dira azaroaren 25ean. Eskoletan eta Amazabal institutuan ekintza bereziak eginen dituzte eta herriz herri elkarretaratzeak ere antolatu dituzte.
Leitzan, 13:30ean, kolore berezia hartuko du eskolako eremuak. Erleta eskolako ikasleak txuriz jantzita joanen dira eta Amazabal Institutukoak beltzez eta ekitaldia eginen dute elkarrekin. Emakumeen kontrako indarkeriaren bi alde erakutsi nahi dituzte horrela: aldatu beharreko egoera latza, beltza, batetik eta etorkizun hobe baten esperantza, txuria, bestetik. Azaroaren 25erako aukeratu dituzten leloek ere bide bera hartu dute. Amazabal Institutuan Bortxatuak ez izateko, bortitzak gara esaldia aukeratu dute eta Erletako ikasleek Zaindu nazazu, zainduko zaitut. Eskolan elkarlan horri balioa eman eta elkarren artean osatu dute hiru metro pasatxoko zabalera izanen duen pankarta erraldoia. Eguerdiko mobilizazioez gain, egunean bertan, ttikienei indarkeriari buruzko ipuinak kontatuko dizkiete eta koxkorragoek gaiarekin lotutako jarduerak eginen dituzte.
Amazabal Institutuan lanketa berezia egin dute azken asteetan, galdera moreak egiten ibili dira ikasleak, gizontasunari buruzko tailerra egin dute mutilek eta autodefentsa feminista tailerra neskek.
Herri osora zabalduko dituzte 14:00etan aldarrikapenak. Leitzako Udalak ere adierazpen instituzionala egitearekin batera, manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eskola eremutik hasiko da manifestazioa eta herritar guztiei egin diete bertan parte hartzeko deia.
Iluntzean, Lañaidek egin du deialdia. Ez gaituzue izutuko, guk autodefentsa feminista lelopean elkarretaratzea eginen dute 19:00etan plazan.
Areson, astelehen goizean Nazabal eskolako sarreran paper more zatiak jarriko dituzte eskuragai eta Zer egin edo ematen dit ongi maite nauenak? Ongi maite nauenak... erantzuna idatzi beharko dute bertan. 13:15ean eskolako erabilera anitzeko gelan irakurriko dituzte idatzitakoak eta bukatzeko, Tratu ona guztiona kopla sorta abestuko dute. Iluntzean, elkarretaratzea deitu du udalak Plaza Zaharrean, 18:00etan.
Goizuetan ere 18:00etan egin dute hitzordua. Arropa morea jantzita agertzeko eskaera egin dute eta kalejira egin eta bukaeran txokolatea banatuko dute.