Toki komunikabideen erronkak aztergai bihar Artikan, TOKIKOM Sarien 8. edizioan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 21a, 18:00

Tokikomek komunikazio proiektu guztiak saritu zituen 2022an. ARTXIBOA
  • TOKIKOMek azaroaren 22an banatuko ditu urteko azalik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onenari dagozkion sariak, Artikako Mariade Maeztu Kultur Etxean.
  • Toki komunikabideen erronkak ere aztertuko dituzte ekitaldian, HUHEZIko Jon Sarasua, AEK-ko Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia, eta ElDiario.es-eko Ramón Argelinaren laguntzaz.

TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, TOKIKOM Sariak banatuko ditu Artikan (Nafarroa) azaroaren 22an. Sariketa antolatzeko, TOKIKOMek Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du.

Bederatzi finalista

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, kafe eta mokadutxo batekin, eta, jarraian, TOKIKOM SARIAK banatuko dira, toki komunikabideetan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena ere nabarmentzeko. Gainera, Nafarroa Saria ere emanen zaio Nafarroako baloreak eta konpromisoa ondoen islatzen dituen lanari. Sarion helburu nagusia toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea da. Hauek dira sariak eskuratzeko lehiatuko diren finalistak:

Azalik onena
  • PUNTUA (Debagoiena). Biniloa.
  • KARKARA GUKA (Orio-Aia). Olatu berrien bila.
  • GUAIXE (Sakana). Matxismoa ari du.
Edukirik onena
  • UZTARRIA GUKA (Azpeitia). Gelditu dira inprentaren makinak.
  • KRONIKA (Urumealdea). Gizatasuna ideologien gainetik.
  • ANBOTO (Durangaldea). Gazatik ihes egindako 25 palestinarrek Berrizen hartu dute aterpe.
Ikus-entzunezkorik onena
  • 28 KANALA (Tolosaldea). Haritik tiraka: tokiko merkataritza.
  • ANTXETA IRRATIA (Bidasoaldea). Uhin inklusiboak.
  • HIRUKA (Uribe Kosta). Bene Markaida.

Toki komunikabideen erronkak

Sariak banatzeaz gain, TOKIKOMek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko. Horretarako, hiru ponentzia mamitsu antolatu ditu, erronka horien artean kokatzen diren hiru gai nagusienetakoen inguruan: euskararen beraren etorkizuna, lanen eta baliabideen antolakuntza hobetu beharra, eta hedabideen inguruko komunitategintza. Horretarako, izen handiko gonbidatuak ekarriko ditu, hurrenez hurren:

  • Euskararen Gogoetaguneko Jon Sarasuak euskararen etorkizunaz egindako lanketan toki komunikabideei aitortzen dien paperaz jardungo du.
  • AEK-ko Lurdes Etxezarretak eta Xabi Gartziak, berriz, AEK-k azken urteotanbarne integrazioaren eta antolaketaren alorrean egiten diharduen prozesuaren berri emango dute, toki komunikabideentzat interesgarria izan daitekeelakoan.
  • Azkenik, ElDiario.es-eko fidelizazio arduradun Ramón Argelinak haien kidetza eta fidelizazio estrategiaz hitz egingo du.

Aipatu bezala, ekitaldia Artikako Maria de Maeztu Kultur Etxean izango da, ostiralean, azaroaren 22an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun