Egun haundia larunbatean izanen bada ere, ortziralerako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. 17:00etan bioaniztasunaz ari diren t0kiko elkarteekin mahai ingurua eginen dute. 19:00etan zintzur bustitzea eta jatekoa izanen dituzte eta 20:30ean sagarraren inguruko mintzaldia izanen da. Sagartzea elkartea, Jakoba Errekondo eta Bidasoko Sagardozaleen Kofradia ariko dira solasean
Biharamunean goizean hasi eta arratsaldera artea antolatu dituzte ekitaldiak. 10:00etan Nor dabil basoan? familientzako jarduera eginen du Xomorro elkarteak. 11:00etan Birakolore txotxongilo ibiltaria ariko da. 12:00etan bi ekintza izanen dira aldi berean: saskigintza tailerra eta Boti au coeur de la nature filmaren emanaldia eta solasaldia.
Arratsaldean ere zer egina egonen da. 14:00etan tintura begetalen tailerra izanen da, 15:30ean arbolen zaindarien tailerra eta 16:00etan landareen inguruko musika eta ipuinak. Eguna borobiltzeko ibilaldi botanikoa eginen dute euskaraz. Itsasuko Salpika elkarteak haurrentzako jokoak antolatuko ditu 09:00etatik 17:00etara eta egun osoan jatekoa izanen da.
Horrekin batera hainbat mintegik eta laborarik hartuko dute parte azokan: Lurberri, Erroak, Gomutxa, Ainitza, Lanbarre, Aukera, Lizarno, Uhartea Etxaldea, Ezkurrak, Islaya kaktus, Hartiz, Gaelise, Indaria, Amizolako landa eta Maathai Pépinière. Hainbat elkarte ere izanen dira: Xapata, Korrika egiten duen basoa, Erlaitza, Erle Beltza, Paysages Mares Haies, Arbree et Agriculture, Bidasoko Sagardozaleen Kofradia eta Ereinez Hazi.
Ekitaldi denak Xoldo ezker paretan eginen dituzte, eta beraz, eguraldiak ez du besta baldintzatuko.