2023-2024 ikasturtean Berako Mukixu eta Doneztebeko Askin Udal Haur Eskolek jantoki eredua aldatzeko lehen urratsak eman zituzten, eta horri esker eskoletako jantokietan menu iraunkor eta osasuntsua eskaintzen dute, haurrendako bazkari orekatuagoak eskainiz eta tokiko ekoizleek hornituz barazkiak eta bertzelako zenbait produktu.
Aldaketa horri lotuta, 2023an Sukaldaritza osasuntsu eta iraunkorra ikastaroa antolatu zen eta izan zuen arrakasta ikusita Bortzirietako, Malerrekako eta Bertizaranako ikastetxeetako sukaldariendako ikastaroaren bigarren zatia eginen dute.
Bi ordu eta erdi iraunen du ikastaroak eta gaztelaniaz izanen da. Lehen ordu erdian teoria landuko dute. Ondotik, zati praktikoa eginen dute: barazki freskoen erabilera landuko dute, hainbat saltsa prestatuko dituzte eta eltzariekin plater diferenteak egiten ikasiko dute. Bukatzeko, prestatutakoa dastatuko dute.
Ikastaroan parte hartzeko aitzinetik izena eman beharko da bidasoa-elikadura@cederna.es helbidera mezu bat bidalita. Ortzeguna, hilaren 21a, izanen da izena emateko azken eguna.