Nafarroako sokatira txapelketako azken tiraldiak egin zituzten azaroaren 16an, larunbat arratsaldean Lesakako udal pilotalekuan. Gizonezkoek zortzinaka (620 kilo) eta emakumeek seinaka (385 kilo) bigarren jardunaldia eta finalak zituzten eta Lesakako Beti Gazte nagusitu zen bi kategoriatan.
Gizonezkoetan hiru talde bertzerik ez dira lehiatu eta, Elizondoko lehen jardunaldian bezala, Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak, baita Berriozarren kontrako finala ere. Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Ander Mitxelena, Oskar Telletxea (Igantzi), Unai Leiza, Beñat Ordoki, Iker Pikabea, Unai Gurrutxaga, Iñigo Altzugarai eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Beñardo Iantzi entrenatzaile eta Xuban Arozena laguntzaile zituztela.
Emakumeen zazpi talde aritu ziren eta hauetan luzeago joan ziren tiraldiak. Elizondoko lehen jardunaldian, lehen postuan berdindu egin zuten Beti Gaztek eta Txantreak eta Lesakan ere bi talde hauek izan ziren onenak jardunaldian. Lesakarrek tiraldi guztiak irabazi zituzten eta Txantreak, lesakarren kontrakoak izan ezik, bertze guztiak bereganatu zituzten. Honela, bi talde hauen arteko finala jokatu zen eta ongi nagusitu ziren berriz ere Beti Gaztekoak.
Beti Gazteko seikote txapeldunean Amaia Leiza, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai (Bera) , Maialen Lopez, Naiara Otxoteko (Etxalar) eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren tiran, Karmele Pikabea entrenatzaile zutela. Elizondoko saioan, Karmele Pikabea bera eta Sunbillako Irati Agesta ere aritu ziren tiran.
Emakumeen hirugarren posturako lehia estuagoa izan zen. Elizondon Amaiur izan zen hirugarren eta Berriozar laugarren eta Lesakan, alderantziz, Berriozar hirugarren eta Amaiur laugarren. Puntu berdinketa bi jardunaldietan adierazitako falten kopuruarekin hautsi zuten eta Berriozarrek, falta guttiago zituenez, lortu zuen podiumeko hirugarren koxkara igotzea. Amaiur laugarren izan zen, Araxes bosgarren, Antsoain A seigarren eta Antsoain B zazpigarren.
Txapelak eta sariak Argiñe Ordoki Lesakako zinegotziak eta Lander Sein, Nafarroako Herri Kirol Federazioko ordezkariak eman zituzten.
Azaroaren 2an txapelketa mistoa ere Beti Gaztek irabazi zuenez, Nafarroako txapel guztien jabe egin dira lesakarrak.
Orain, Euskal Herriko 4x4 txapelketa
Nafarroako txapelketa nagusia bukatu orduko Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketan hasiko dira lehian. Lehen jardunaldia azaroaren 23an, larunbatean jokatuko dute Antsoainen. Emakumeak 250 kiloko kategorian eta gizonezkoak 310 kiloko kategorian ariko dira. Azaroaren 30ean jokatuko dute kategoria hauetako bigarren jardunaldia eta abenduaren 14an, kategoria mistoko txapelketa jokatuko da (280 kilo), jardunaldi bakarrean.