Pronostikoak bete eta Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketa hamargarren aldiz irabazi zuen azaroaren 15ean Iker Vicentek. Gisa honetara, Mikel Mindegiaren marka berdindu zuen eta Mindegia bera izan zen Otsagabikoari txapela jantzi ziona. Zigako Joxean Etxeberria txapeldunorde izan zen eta Leitzako Jon Rekondok ezin izan zuen lana akitu.
Iker Vicentek nagusitasunez irabzi zuen. 31 minutu eta 54 segundo behar izan zituen hamar enborrak mozteko: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta oinbiko bi. Bertze finalisten azken enborretako lana ikusteko aukera izan zuen, ia lau minutu gehiago behar izan baitzituen Zigako Joxean Etxeberriak egun historiko horretan txapeldunorde izateko (35.37). Arribeko Ibai Soroak osatu zuen podiuma (36.30) eta Arribeko Txomin Amundarain laugarren izan zen (37.19). Jon Rekondo leitzarrak ez zuen lana akitzerik izan.
Mikel Mindegiak jantzi zion hamargarren txapela Iker Vicenteri. Mindegiak aipatu zuenez, «Iker Vicente onena da eta oraindik gaztea da, ez du kontrariorik eta txapelak irabazten segituko du». Arantxa Arregi Doneztebeko alkateak eta Jon Telletxea Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidenteak ere eman zituzten sariak.
Iker Vicente ere pozik zegoen txapelarekin. Bera zen faborito, «baina hemen, azken kolpea eman arte ez dago jakiterik. Gehixeago kosta zait, lehen enborretan ez dut suerterik izan, Joxean Etxeberria ongi ari zen eta zaila izan da. Denboraldia luze doa eta ez dut beste konpetizio batzuetan izan dudan txisparik. Halere, txapela lortu dut eta harro nago aizkoraren historiako izen handien artean sartzeagatik».
Joxean Etxeberria zigatarra ere kontent zegoen «bigarren postuarekin eta egindako lanarekin. Hasieran eutsi diot Vicenteren erritmoari, baina gero ezin. Denok dakigu zer mailatako aizkolaria den eta ezin izan diot segitu».
Aizkolariak ez ezik, harri altxatzaileek ere erakustaldia eman zuten. Estefi Etxebeste iturendarrak 120 kiloko laukizuzena bizkarreratu zuen, Doneztebeko Ezkurra pilotalekua betetzen zuten ikusleen txalo zaparrada irabaziz. Garazi Ansa oiartzuarrak ere erakustaldi polita egin zuen harri irregularrarekin.