Nafarpresek Tokiko Prentsaren III. Jardunaldia antolatu du azaroaren 28rako Erriberrin

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 16a, 09:00

Iaz egin zute Nafarpres jardunaldiko mahai inguruetako bat. TTIPI-TTAPAk ere hartu zue parte bertan.

Nafarroako Tokiko Prentsaren III. Jardunaldia eginen dute azaroaren 28an Erriberriko Kultur Etxean. Nafarpresek elkarteak antolatu du, eta tokiko prentsaren erronkez gain, Nafarpres sarien banaketa ere eginen dute ekitaldi berean.

Nafarroako Tokiko Prentsaren III. Jardunaldia Nafarroan banatutako bederatzi tokiko komunikabide biltzen dituen elkarteak antolatutako ekitaldia da. Topaketan komunikazioaren arloko profesionalak bilduko dira, batez ere tokiko, eskualdeko eta komunikabide digitaletakoak, baita agentzietako arduradunak eta komunikazio-graduko ikasleak ere. Ekitaldia Erriberriko Kultur Etxean izanen da eta aitzinetik izena eman beharko da esteka honen bidez.

Jardunaldiaren helburu nagusia Nafarroako tokiko prentsaren lana ikusgai egitea da, baita komunikazioaren sektoreko profesionalei elkarrekin eztabaidatzeko eta ideiak trukatzeko topaleku bat eskaintzea ere.

Nafarroako Tokiko Prentsaren III. Jardunaldia 17:00etan hasiko da inaugurazio ekitaldiarekin. Ekitaldian, Nafarroako Gobernuko Komunikazio eta Harreman Instituzionaletako zuzendari nagusi Miguel Moreno eta Nafarpres, Nafarroako Tokiko Prentsaren Elkarteko lehendakari Sandra Goldáraz izango dira.

Jardunaldiak bi hitzaldi nabarmen izango ditu. 17:30ean, Iñaki Zabaletak Tokiko komunikabideak eta Europako hizkuntza gutxituetako komunikabideak: erronka analogikoak, beharrezko lankidetza izeneko hitzaldia emanen du. Ondotik, 18:30ean, Javier Erreak Tokiko prentsa eta etorkizuna. Apunte batzuk hitzaldia emanen du, tokiko komunikabideen hurrengo pausoen inguruan hausnartzeko.

18:50ean atsedenaldia eginen da, eta ondotik Nafarpres Sarien lehen edizioa hasiko da. Jardunaldia sariak irabazi dituztenekin familia-argazki batekin eta aperitiboarekin bukatuko dute.

Nafarpres Sarien I. Edizioa

Aurten berrikuntza gisa, Nafarpresek Nafarpres Sarien I. Edizioa inauguratuko du. Lehiaketa honen helburua Nafarroako tokiko profesionalen eta komunikabideen ahalegina, sormena eta dedikazioa aitortzea da. Sari hauek tokiko mailan nortasun kulturala eta soziala sustatzen duten kazetaritza lana ikusarazi nahi dituzte, askotan komunikabide nagusien arretatik kanpo geratzen direnak. Lehiaketak bortz kategoria nagusi biltzen ditu: erreportaje onena, elkarrizketa onena, diseinu editorial onena, argazki onena eta publizitate kanpaina onena.

Epaimahai espezializatu batek hautatuko ditu irabazleak. Sari bakoitza garaikur eta diploma batekin osatuko da. Gainera, lan irabazleak Nafarpres elkarteko komunikabideetan zabalduko dira, ikusgarritasuna emanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun