Gehigarria: etxebizitza

Urte osoan eskatzen ahal dira etxeak berritzeko laguntzak

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 17a, 12:00

Etxeko sarbidean oztopoak kendu eta igogailua jartzeko, inguratzaile termikoa hobetzeko, berokuntza sistemak aldatu edo egokitzeko eta etxea desgaitasuna duten pertsonendako egokitzeko, leihoak aldatzeko…

Familiako kide kopuruaren eta etxeko diru-sarrera ponderatuekin duten taularen arabera (Errenta Aitorpena) finkatzen dute dirulaguntza hartzeko aukerarik baden edo ez.

Eskatzeko baldintzak
  • Etxebizitza ohiko bizitoki iraunkorra izatea, ez bigarren bizitokia.
  • Etxeak 20 urte baino gehiago izatea, salbu pertsona desgaituendako egokitu edo derrigorrezko arau teknikoak betetzeko baldin bada.
  • Obraren aurrekontu babesgarria etxebizitzako 2.000 eurotik gorakoa izatea.
  • Obrak hasi gabe egotea. Behin-behineko kalifikazioa egiten denetik, obra sei hilabeteko epean hasi eta 36 hilabeteko gehienezko epean bukatu behar da.
  • Etxeak 50 urte baino gehiago duenean, beharrezkoa da EETa izatea (Eraikinak Ebaluatzeko Txostena).
  • Dirulaguntza eskatzaileak duen adinaren diru sarreren eta etxearen antzinatasunaren arabera emanen da.
Dirulaguntzak zertarako?

Bizitokiaren barneko obrak egiteko eta etxearen elementu komunitarioak (teilatua, eskailera, fatxada…) zaharberritzeko izaten ahal dira:

  • Etxearen egitura edo funtzionamendua egokitzeko (teilatua, fatxadak, igogailua, elektrizitatea, iturgintza,…).
  • Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eraikin osoan (isolamenduak, berokuntza sistema jarri edo aldatu, galdara edo leihoak aldatu…).
  • Irisgarritasuna hobetu eta trabak kentzeko (elbarriendako eta adinekoen oztopoak…).
  • Bizigarritasun baldintzak hobetzeko etxe barneko obrak (bainuontzia kendu eta dutxa jartzea, hodiak eta txorrotak aldatzea…).
  • Etxeetan bizitzeko egokia den azalera handitzeko (120 m2 erabilgarri arte) eta etxebizitzak egiteko, lehendik dauden etxebizitza handiak zatituz.
  • Indarrean dauden lege eta araudietara egokitzeko.
  • Desgaitasunen bat duten pertsonentzat etxea egokitzeko dirulaguntza bereziak daude.
Europako dirulaguntzak

Azkeneko hiru urteotan Next Generation diru funtsetako laguntzei esker, etxeetako inguratzaile termiko aunitz berritu dira. Zoritxarrez, duela hilabete batzuk diru poltsa hori bukatu zen eta, orain, Nafarroako Gobernuak urtero eskaintzen dituen laguntzak bakarrik daude indarrean.

Dena den, 2025ari begira, Nafarroako Gobernuak ematen dituen dirulaguntzetan ez da aldaketarik aurreikusten. Orain arte bezala, laguntza horien artean sartzen dira etxe barneko obrak, inguratzaile termikoa zaharberritzeko obrak, teilatuak eta igogailuen instalazioak, bertze hainbaten artean.

Nasuvinsak eta Sakanako Mankomunitateak emandako datuen arabera, 2023an 354 etxebizitza birgaitzeko 2.353.992 euro hartu ziren koadroan ageri diren herrietan. 2022an, aldiz, 277 etxe birgaitzeko 1.451.163 euro hartu ziren. Dirulaguntza eskaerak tramitatzeko edo informazioa eskatzeko NASUVINSAk Donezteben edo EZABUk Lakuntzan duen telefonoetara deitu eta hitzordua hartu behar da.

NASUVINSAk tramitatzen ditu Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka eta Urdazubiko-Zugarramurdiko etxeak zaharberritzeko laguntzak

848 420 140 DONEZTEBE

Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako bizilagunek, aldiz, Sakanako Mankomunitatera deitu behar dute (EZABU) informazioa eskatzeko edo dirulaguntza eskaerak tramitatzeko

948 464 867 LAKUNTZA

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun