Jon Sarasua: «Euskarak, eskala gehienetan ez bezala, eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera dauka»

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 17a, 08:00

Jon Sarasua Maritxalar (Aretxabaleta, 1966) irakaslea da Mondragon Unibertsitatean.

Duela hiru urte Euskaltzaindiaren babespean martxan jarri zuten Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren koordinatzailea da Jon Sarasua (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966), eta egiten ari diren lanketaz eta lanketa horretan hedabideei aitortzen dieten paperaz hitz eginen du Tokikom sarien 8. edizioko ekitaldian.  

Euskararen inguruan lasai hausnartzeko sortu zenuten Euskararen Gogoetaguneak egitasmoa. Nondik gatozen ikusi, non gauden jakin, nora joan nahi dugun erabakitzeko. Noraezean genbiltzen ala? 

Nik uste noraeza esatea gehitxo esatea dela. 60 urte iraun dituen prozesu batetik gatoz, bidean estrategia sorta zabala garatuta, eta gaur egun, momentu delikatu samarrean aurkitzen gara. Estrategia horiek, neurri batean, fruituak eman dituzte eta ematen segitzen dute, baina, aldi berean, zoru konplikatua dugu oinpean, lehendik ere zaila zen egoerari azken mende honetan faktore negatibo berriak erantsi zaizkiolako. Beraz, euskararen komunitate bezala norabideak birpentsatu beharrean gaude, bisio bat ekoitzi behar dugu, hemendik hamarraldi batzuetara, 25 urtera, zer nahi dugun eta non egon nahi dugun zehazteko, eta horretarako lan ildo nagusiak nondik martxan jarri behar diren erabaki behar dugu.  

Egunerokoaren zurrunbilotik aldendu eta patxadaz hausnartzen ari zarete, beraz. 

Euskalgintzak eta euskararen prozesuak adar, eratze eta erakunde mordo bat sortu dituzte, eta hori ona da, bakoitzak berea zaindu behar baitu. Baina oso epe laburrera begira ari gara, eta plan estrategikoak egiten oso onak garen arren, estrategia horiek ez badute epe luzeagoko etorkizun ikuspegi bat, motz gelditzen dira, eta hori gertatzen ari zaigu. Plan estrategiko terminoetan gabiltza denok, baina bisioa falta zaigu, etorkizunera ikuspegi luzeagoa, zer gertatzen ari dela uste dugun eta horren arabera non egon nahi dugun zehaztea, zer den desiragarria eta aldi berean posible ikustea. Ariketa hori ahulduta eta lausota daukagu, eta hain zuzen, zerbitzu horixe egin nahian abiatu genuen prozesu kolektibo bat orain dela hiru urte. 

Euskara, bere txikian, esparru askotara iristen da, jende askorengana, iritzi eta ikuspegi askotako jendearengana. Euskararen Gogoetaguneetan hala elkartu al zarete?     

Metodologia jakin bat daukan prozesu bat gauzatzen ari gara, eta ponentzien bidez funtzionatzen du. Ponentziak ekoiztera konbokatzen dugu jendea, eta gero kontraste prozesu bat egoten da. Kontraste talde espezifikoa daukagu, eta ponentzia bakoitza talde horrekin kontrastatzen da, eta horretaz aparte, dagokion sektoreko jendearekin ere bai. Horren guztiaren lehen baldintza da prozesu guztia gauzatzea sektore desberdinetako, ikuspuntu politiko desberdinetako eta euskaren lurralde osoko jendearekin. 

Aurtengo uztailean argitaratu duzue orain arteko lanketatik sortutako lehen argitalpena. Bi zati ditu argitalpen horrek: batetik, euskararen egoera jasotzen du; eta bestetik, etorkizunera begirako ikuspegia.  

Ponentzia bat Jon Aizpuru Eusko Jaurlaritzako teknikariak eta Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariak egin dute, eta haiei eskatu geniena zen, horrenbeste daturen eta diagnostikoren artean, nola gauden jakiteko laburpen bat egiteko. Bestea, erdiguneko ponentzia deitzen dioguna da, datozen 25 urteotan euskararen prozesua izango denaren ponentzia orokorra edo bisio artikulatua.  

Nola dago euskalgintza? 

Meritu handiko etapa bat eginda gaude, azken 60 urteotan aldapa neketsu bat igo duen komunitate bat gara, eta gaude igoera neketsuen ostean askotan egoten garen bezala: neurri batean nekatuta, beste neurri batean aurrera segitzeko gogoz, beste neurri batean noraez puntu batekin laino apur bat sartu delako eta une delikatu batean. Gure jarrera ez da alde batera edo bestera jotzea, pesimismorantz edo optimismorantz egitea, baina nik uste, analisi horretan, optimismo kritiko batetik abiatu eta pesimismo aktibo batera bitarteko tarte horretan, jende asko kabitzen dela, beti ere pesimismoa aktiboa den bitartean eta optimismoa kritikoa den bitartean. Iruditzen zait orkila edo tarte horretan ibili beharko genukeela eta hor kokatzen dela gure ahalegina. 

Eta norantz jo behar da? 

Orain arte egindakoaz egin ditzakegu irakurketa edo balorazio desberdinak, baina uste dut badela gauza bat denok bat egin dezakeguna, eta honakoa da: egindakoaren berdina egiten jarraituz ez dugula aurrera egingo. Ez orain arte egindakoa gaizki egin dugulako, desafio berri oso lodiak ditugulako baizik. Orain arte egin ez ditugun gauza asko egin beharko ditugu, bideak berritu egin beharko ditugu, eta uste dut hori badela kontsentsu puntu oso oinarrizko eta inportante bat. Eta hortik aurrera zer? Laburtzeak ere luze joko luke, baina, alde batetik, euskararen gizarte politikarako ardatz sistema desberdin bat planteatzen da, orain arte funtzionatu duenaz gainera eta hori errespetatuz; eta bestetik, komunitateari begira, beste estrategia batzuk, herrigintza eta euskalgintza mugimendu dimentsioa aktibatzetik. Bi beso horietara begiratzen dugu, eta horien gainean antolatu dugu gure etorkizun ikuspegia. 

Gizarte politikei dagokienez, jauziak eta pausoak planteatu dituzue.  

Jauziak eskala handiko operazioak dira, eta pausoak, orain arteko bidean aurreratzeak. Lehentasunezko lau jauzi arlo handi identifikatu ditugu: lan eremua, aisialdi antolatua, hezkuntza eta hedabideak. Pausoak, berriz, sei arlotarako planteatu ditugu: kulturgintzan, teknologian, migrazioaren harrera linguistikoa eta abar. 

Hedabideen arloan egin beharreko jauzi horretan sakontzerik bai?  

Hasteko, orain arte egindakoaren ahalegina eta meritua aitortu behar zaizkie hedabideei, eta nabarmenduko nuke egindako hori zaintzeak duen balioa. Hedabideen arloan ez dugu planteatzen estrategia bakar bat, baizik eta hainbat estrategia daude. Horietako bat da euskal hedabideen sistemaren barruko sinergia eta komunikazio kanal berriak sortzearen ingurukoa; beste bat da, bertako eta munduko fikzioa euskaraz jasotzearen ingurukoa... Eta horien guztien artean bada bat bereziki Tokikom ukitzen duena; hain zuzen ere, guk EHM estrategia deitu dioguna, alegia, Eskualdeetako Hedabide Multimedien estrategia. Hori izan daiteke hedabideen arloan planteatzen den berrikuntza eta jauzi nagusietako bat, baina ez bakarra.  

Zeintzuk izango lirateke estrategia horren ardatzak?  

Ikusten duguna da euskarak beste esparru eta eskala gehienetan desbantaila handiak dituen bezala, eta minoria txiki samarra izatera deitua dagoen bezala, eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera daukala. Eskualde askotan lidergoa, lidergo garbia; eta beste eskualde batzuetan, presentzia esanguratsua. Hortaz, eskala nazionala abandonatu gabe eta hori ere indartuz eta sinergiak sortuz, estrategia honek proposatzen duena da eskualdeetan inpaktu handiko multimedia taldeak sortzea, telebista, irratia, Internet –sare sozialetara loturarekin– eta papera batuta. Adibide gisa Goiena aipatu genezake. Goiena Debagoienean liderra da, haren audientzia inpaktuak oso handiak eta egonkorrak dira, eta lortzen du eskualde ez bereziki euskaldun batean eskualdeko komunikazio liderra euskarazko multimedia talde bat izatea. Iruditzen zaigu tokian tokira egokituta, formula hori Euskal Herriko eskualde gehienetan zabal dezakegula pausoz pauso, eta horrek eskatzen duela apustu politiko bat.  

Ea foru aldundiek eta Jaurlaritzak entzuten dizuten... 

Estrategia horren oinarrian ezin du egon udal baten edo diputazio baten borondateak bakarrik; eskatuko du atzean egotea alderdi politiko nagusiak, eta estrategia hori nagusietako bat bezala onartzea. Horrez gain, talde multimedia horiek erabat eskualdeko indar publiko eta sozialetan oinarritutako gobernantza eredua izan behar dutela uste dugu, baita lerro editorial zeharkatzailea ere, ideologikoki zein politikoki, orain arte dutena baino gehiago.  

Tokikom sarien ekitaldiak emango dituzu estrategia horren inguruko xehetasun gehiago? 

Bai, Tokikomek eskatu digu, eta guretzat kontrastatzea inportantea denez, horretarako baliatuko dugu aukera. Laster argitaratu ere egingo dugu. Dagoeneko bi ponentzia argitaratu ditugu, baina beste hamar bat ere badatoz, eta horietako bat hedabideei buruzkoa izango da. Hor azalduko da xehekiago eskualdeetako hedabide multimedien estrategia hori, hedabidegintzaren inguruko beste estrategiekin batera. Zehazki noiz argitaratuko dugun ez dakigu, baina negu-udaberri aldera izango dela espero dugu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun