Nafarroako sokatira txapelketako azken tiraldien lekuko izanen da Lesakako udal pilotalekua azaroaren 16an, larunbatean 17:00etan hasita. Gizonezkoak zortzinaka (620 kilo) eta emakumeak seinaka (385 kilo) joan den igandean hasi ziren tiran Elizondon eta larunbatean Lesakan jokatuko dituzte bigarren jardunaldia eta finalak.
Elizondoko saioan, gizonezkoetan, Beti Gazte nagusitu zen tiraldi guztietan, Berriozar izan zen bigarren eta Txantrea hirugarren. Emakumezkoetan, berriz, lehen postuan berdindu egin zuten Beti Gaztek eta Txantreak eta ondotik sailkatu ziren Amaiur, Berriozar, Araxes, Antsoain A eta Antsoain B.
Gizonezkoak eta emakumezkoak bakoitza bere aldetik aritu aitzinetik, Nafarroako txapelketa mistoa irabazi zuen Beti Gaztek azaroaren 2an Antsoainen.