Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren finala jokatuko dute azaroaren 15ean, ortziralean 18:00etan hasita, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, Doneztebeko ferietan, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta. Sarrera 15 euro ordaindu beharko da.
Lekunberrin urriaren 13an jokatutako kanporaketan hamar aizkolari aritu ziren lehian, eta ez zen ustekaberik izan: Iker Vicente izan zen lehenbizikoa eta bera izanen da bere hamargarren txapela janzteko faborito nagusia. Miel Mindegia handiaren marka berdinduko luke horrela. Otsagabikoarekin batera, Arribeko Txomin Amundarain, Zigako Joxean Etxeberria, Arribeko Ibai Soroa eta Leitzako Jon Rekondo ariko dira finalean. Kanporaketaren aldean, lan bikoitza izanen dute: hamarna enbor moztu beharko dituzte, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta oinbiko bi.
Harri altxatzaileak ere
Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaz gain, harri altxatzen erakustaldia eskainiko dute Garazi Ansa oiartzuarrak eta Estefi Etxebeste iturendarrak.