Lehenbiziko urteetan komertzioekin eta etxebizitzarekin lotutako eskaerak hartu zituzten eta mende berriarekin, telefoniak eta Internetekin lotutako aferak ziren kontsumitzaileen kezka nagusia. 2002an erreklamazioen % 5a gai horien ingurukoak ziren eta gaur egun % 18a. Energia sektorearen liberalizazioaren ondorioz, argindarraren inguruko erreklamazioak ere aunitz ugaritu dira azken aldian, baita banketxeekin lotutakoak ere.
Prestakuntza
Kontsumitzaileen formakuntzan ere lan handia egin du Irachek. Aurten, konparaziora, Nafarroa osoko 35 ikastetxetan kontsumo arduratsuari buruzko tailerrak egin ditu eta birziklatzeari eta efizientzia energetikoari buruzko zazpi antzezlan taularatu ditu. Kontsumoari buruzko 20 solasaldi ere eman ditu eta hainbat komunikabideetan parte hartu du.
Iruñean, Tuteran, Lizarran eta Tafallan dituen bulegoez gain, bertze 76 herritan ematen du zerbitzua Irache kontsumitzaile elkarteak, bertako herriko etxeekin elkarlanean. 54.000 familia dira Iracheko bazkide.
Solasaldi irekiak
45. urteurrenaren harira, Irachek doako zenbait solasaldi ireki antolatu ditu azaroan Iruñeko Tres Reyes hotelean, intereseko gaien inguruan:
Azaroaren 25ean, astelehenean 19:00etan autoen, hipoteka gastuen, zoru klausula edo irekiera komisioen inguruko solasaldia emanen du Jose Luis Sanjurjo San Martin abokatuak.
Azaroaren 26an, asteartean 19:00etan, estafak, interneteko iruzurrak, banka, etxez etxeko bisitak izanen dituzte hizpide poliziako ordezkariekin.
Azaroaren 27an, herentziak Nafarroan izanen du hizpide,¡ Alfredo Aldaba Yoldik, Nafarroako Notarioen Kolegioko dekanoak: testamentua nola egin, herentzia niola hartu eta banatu…
Modu berean, hogei bideo ere egin ditu Irachek kontsumoa gaitzat hartuta. Irache elkartearen webgunean daude ikusgai