Joseba Elizagoien narbartearra eta Maddalen Jimenez beratarra izan dira eskualdeko bizkorrenak Behobia-Donostian

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 11a, 12:10

Lasterkari batzuk atzo helmugan. Argazkia. Goiena.eus.

Behobia eta Donostia lotuz, atzo egin zuten lasterketa ezagunaren 59. edizioa. Eskualdeko 118 lagunek parte hartu zuten, horietatik 117k lasterketa, eta horrez gain, handbike bizikletan Asier Navaridas Kortabarria lesakarrak parte hartu zuen. Ikusi hemen eskualdeko lasterkarien zerrenda eta bakoitzaren denborak.

Gizonezkoetan, joan den urtean bezala, Joseba Elizagoien Arruti narbartearra izan zen eskualdeko bizkorrena. 01.09.46ko denboran osatu zuen Behobia eta Donostia lotzen dituen 20 kilometroko lasterketa. Sailkapen orokorrean, 57. helmugaratu zen. Bertatik bertara izan zuen Gwendal Larque Sanjurjo beratarra, 01.09.58ko denboran helmugaratu baitzen. Bera izan zen gizonezkoetan eskualdeko bigarrena, eta ingurukoen podiuma Eneko Aizagirre Lasarte leitzarrak osatu zuen (01.10.21).

Emakumezkoetan, Maddalen Jimenez Andres beratarra bikain ibili zen eta bera izan zen eskualdeko bizkorrena, 01.23.01eko denbora eginda. Idoia Maritxalar Errandonea lesakarrak 01.32.00 behar izan zituen helmugaratzeko eta Jone Olaetxea Sanz beratarrak 01.39.55. Hiru lasterkari horiek osatu zuten eskualdeko emakumezkoen podiuma.

Asier Navaridas Kortaberria lesakarra, berriz, hamabigarren postuan helmugaratu zen handbike modalitatean. 01.07.37ko denbora egin zuen.

Oharra: Sakelakoan beheko taula osorik ikusteko, paratu horizontalean. Bilaketa herriaren, denboraren, lasterkariaren izen abizenen, kategoriaren, sexuaren... arabera egin daiteke, beltzez ageri diren hitzetan klikatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun