Basakeria kapitalistaren espresio gordinenak audientzia goreneko zuzeneko emisioetan ikusgai ditugu egunero. Normaltasun indibidual zein kolektiboaren parte dira. Baina irudi-forman ailegatzen zaizkigu, eta gertaerekiko lotura sentimentala irudien berehalakotasunean hiltzen da. Lehenbizi, gertaerarekiko deskonexioa. Ondotik, irudi berrien etorrerarekin, ahanztura. Pandemiari Estatuek eman zioten irtenbide poliziala, Melillan Espainiako zein Marokoko Estatuek gauzatu zuten sarraskia, mediterraneoan egunero hiltzen direnak, Palestinan gertatzen ari den genozidioa… eguneroko frenetiko honen normaltasunean diluituta.
Ekoizpen zein kontsumo eredu kapitalistaren fruitu den larrialdi klimatikoak mugen ulermen faltarekin sufritzen du. Kasik ohituak ginen Hego Globalean gertatzen ziren hondamendiak ikustera, eta sufritzen zutenengatik atsekabetzera. Baina larrialdi klimatikoak mugen ulermen faltarekin sufritzen du, eta eragiten dituen hondamendiak gero eta ohikoagoak bihurtzen ari dira zentro inperialistan. Kanadako zein Greziako suteak; Alemanian, Belgikan, Italian eta Grezian iraileko uholdeak… Oraingo honetan urak Valentziako herri langilearen aurka jotzea erabaki du. Ehunka hildako, desagertuak, zerotik eta baliabiderik gabe bizitzak berreraiki behar dituzten milaka familia. Bitartean politikariek marketin-politikoa martxan dute; batzuk haien eserlekuak mantentzeko, eta bertze batzuk berriak lortzeko. Enpresariak, mehatxu bidez, langileria derrigortzen ari dira lanpostuetara bertaratzera, eta faxistak aldarri erreakzionarioak hedatzen zein karrikak patruilatzen «Espainiaren etsaien aurka».
Sistema kapitalistak krisi historikoa bizi du, eta ondorioak pairatzen ari denak alternatiba politikorik gabe segitzen du. Egoeraren larritasunari irtenbidea emateko gaitasun eza agerian uzten ari da alderdi politiko guztien inpotentzia. Jada ez dira gai kapitalistei gehiengo sozial batentzako ogi apurrak kentzeko. Ongizate Estatuak bermatzen zituen baliabide sozialak desagertzen ari dira, eta kasik larrialdi zein hondamendien aurrean martxan segitzen duten baliabide bakarrak polizialak dira.
Ezkerreko alderdi politiko guztiak kapitalaren fakzio zehatzen ordezkariak dira, eta bertze fakzioak osatzen dituzten alderdiekin negoziazioetan (edo negozioetan) jolasean dabiltza. Langileriak, ordea, soilik hondamendiak, bizi baldintza kaxkarrak… sorturiko amorrua darama berarekin. Amorrua egunerokotasuneko normaltasunean diluitu ez dadin, memoria kolektiboan gorde dezagun, tresna propioak garatu behar ditugu. Amorrua antolatu behar dugu. Amorrua ez dadila etsipen bihurtu.
Ez dezagun ahaztu: gertakariek erantzuleak dituzte. Kapitalak eta politikariek duten ardura(gabekeria) seinalatu eta zapaltzaileen aurkako borrokak artikulatu behar ditugu. Auto-antolakuntzarako tresnak garatu eta, dekadentzian dagoen sistema honen partez, printzipio unibertsaletan oinarrituriko gizarte berri baten oinarriak ezarri.