Euskal Jai Erremonte Fundazioak eta E•Remonte Iruña enpresak antolatutako Binakako erremonte profesionaleko txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte azaroaren 9an Agoitzeko Toki Eder pilotalekuan. Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Xuban Iturregi iruritarraren eta Ionen kontra ariko dira lehen finalerdian eta Zeberio II.a eta Otano, Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarren kontra bigarrenean. Irabazleek azaroaren 16an Erriberrin jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute.
Larunbatean 17:00etan hasiko den jaialdia Valentzian DANAk kaltetutakoen aldekoa izanen da. 22 urtetik goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte artekoek bortz euro eta ttikiagoak doan sartuko dira.