Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu dute gaur Bilboko Bidebarrieta kulturgunean, egindako agerraldian. Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako herritarrekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.
Euskaraldiren lehen edizioan bezala, talde anitza osatu dute, «inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez», ariko den taldea:
- Eneko Atxa Azurmendi, sukaldaria
- Oihana Azkorbebeitia Urizar, mendi lasterkaria
- Aitor Bengoetxea Zabalza, musikari eta break dantzaria
- Lutxo Egia del Rio, idazlea
- Eneko Garcia Jaurena (Albina Stardust), trabestia
- Ana Goitia Erkiaga, kazetaria, aurkezlea eta umoregilea
- Itziar Ituño Martinez, aktorea
- Roberto Moso Gil, komunikatzailea
- Zibel Untsain Damestoy, dantzaria
- Esti Urresola Solaguren, zinemagilea
- Mikel Urrutikoetxea Azkueta, pilotaria
Konpromiso pertsonalak hartzeaz gain, enbaxadore diren heinean, beraien inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, kide edo ezagunei Euskaraldian parte hartzeko gonbitea luzatuko diete. Laugarren edizioaren leloarekin bat eginez (Elkar mugituz egingo dugu) hamaikakoa osatzen duten lagunek erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak. «Esaera zaharretan jasota dago: bati esaten zaiona, hamaikak jakiten du. Eta hori izango da, hain zuzen ere, hamaikakoak abiatuko duena. Bati, biri, hamaikari esan, haiek beste hamaikari kontatzeko eta guztiek euskararen uhinarekin bat egiteko», azaldu du Goiatz Urkijok.
Izan ere, ariketaren koordinatzaileek argi dute Euskaraldiak hizkuntza-ohiturak aldatzeko testuingurua eskaintzen duela, baina testuinguru hori baliatuko duten herritarrak aktibatzea behar-beharrezkoa dela, «eta horretarako, Euskaraldia zabalduko duten pertsonak dira giltzarria. Gaur hemen bildu diren hamaika lagun hauen moduko pertsona».
Hamaikakoaren izenean, Eneko Garciak eta Esti Urresolak hartu dute hitza, eta taldea osatzen duten guztiek Euskaraldiaren gonbitea «ilusioz eta erantzukizunez» jaso dutela adierazi dute. «Euskaraldian parte hartuko dut nire burua modu kontzientean euskara gehiago erabiltzera behartzeko; eta enbaxadore naizen aldetik, erabaki hori besteekin partekatzea, eta haiek ere parte izatera gonbidatzea, ederra iruditzen zait», azaldu du Garciak.
Urresolak, bere aldetik, Euskaraldia bezalako ekimenen garrantzia eta beharra azpimarratu nahi izan du. «Ariketaren jatorri Laudion zein beste zenbait tokitako ekimenetan dago. Baina Euskal Herri mailan izan duen erantzuna eta ibilbidea ikusteak horrelakoen beharra badela erakusten du», nabarmendu du zinemagileak.
Zergatik eta zertarako
Euskaraldiaren hurrengo ariketa 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da, lehen aldiz, udaberrian. Edizio berrian, Euskaraldia zergatik eta zertarako egiten den azaleraztea izango dute egiteko nagusien artean. «Euskaraldiaren bidez, hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizatu nahi ditugu, arau sozial bihurtu. Portaera sinpleak itxuraz, baina oraindik ez daudenak errotatuta», azaldu du Urkijok
Jendartean zabaldu nahi dituzten hizkuntza portaerak honakoak dira: lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea. «Lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan -ulertzen gaituzten guztietan- euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen dugu», azpimarratu nahi izan du Urkijok.
Izan ere, Euskaraldiaren helburua hori da: euskararen erabileran eragitea, euskara gehiago entzun dadin Euskal Herri osoko txoko eta bazterretan.
Euskaraldian parte hartuko duten herriak zein entitateak dagoeneko hasi dira izena ematen. Ariketara batu nahi dutenek horretarako aukera dute euskaraldia.eus webgunean.