Iturregik eta Ionek lortu dute binakako erremonte profesionaleko txapelketako finalerdirako txartela Iruritan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 4a, 16:00

Saldias, Sagaseta, Ion eta Iturregi, tartean epailea eta txapelketako babeslearen ordezkaria dituztela, larunbatean Iruritako Aranabian.

35-24 irabazi zieten Sagasetari eta Saldiasi larunbatean Aranabian eta Uterga eta Barricart izanen dituzte arerio azaroaren 9an Agoitzen

Binakako erremonte profesionaleko txapelketako final laurdenetako bigarren partida jokatu dute larunbat arratsaldean Iruritako Aranabia pilotalekuan. Hain zuzen, herriko bi aurrelari izan dira aurrez aurre: Xuban Iturregi eta Jon Sagaseta. Ion eta Aimar Saldias oiztarra izanen dituzte lagun gibeleko koadroetan, hurrenez hurren, Hasieran lortutako aldeari esker (16-2), garaipena lortu dute Iturregik eta Ionek. 35-24 irabazi diete Sagasetari eta Saldiasi.

Honela, Iturregik eta Ionek Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart izanen dituzte esperoan azaroaren 9an Agoitzen jokatuko den finalerdian. Bertze finalerdian, Donezteben sailkapena lortu zuten Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrak, Zeberio II.aren eta Otanoren kontra ariko dira.

Iruritako jaialdia hasteko partida ere handia izan zuten. Hain zuzen, finalerdietan zuzenean sartu diren bi bikoteak aritu ziren eta Zeberio II.ak eta Otanok 30-28 irabazi zieten Xanti  Utergari eta Barricarti.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun