Nafarroako sokatira txapelketa abitu da azaroaren 2an Antsoainen jokatutako txapelketa mistoarekin. Lesakako Beti Gazteko zortzikotea nagusitu zen, Txantrea izan zen bigarren, Berriozar hirugarren eta Antsoain laugarren.
Tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gazteko talde txapeldunean Irati Agesta (Sunbilla), Beñardo Iantzi, Ane Gurrutxaga, Iker Pikabea, Beñat Ordoki, Maddalen Lopez, Iñigo Altzugarai eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.
Azaroaren 10ean Elizondon eta 16an Lesakan
Txapelketa mistoa erabaki ondotik, gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketak ere pisu bakarrean jokatuko dituzte. Gizonezkoak zortzinaka (620 kilo) eta emakumeak seinaka (385 kilo) lehiatuko dira eta Elizondon azaroaren 10ean, igandean 11:30ean hasita eta Lesakan, azaroaren 16an, larunbatean 17:00etan hasita, jokatuko dituzte bi jardunaldiak. Lesakan, ligaxkako lehen bi sailkatuen arteko finalak jokatuko dituzte.
Gizonezkoetan, hiru talde bakarrik ariko dira: Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea. Emakumezkoetan, aldiz, zortzi talde izanen dira: eskualdekoak hiru izanen dira, Amaiurrek bat eta Beti Gaztek bi aterako baititu. Antsoainek ere bi talde paratuko ditu goma gainean, eta Araxesek, Berriozarrek eta Txantreak bertze bana.