Gaztaina Feriaren lehen edizioa ospatuko dute azaroaren 3an Jauntsaratsen

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 31a, 19:00

Gaztainarekin lotutako hainbat jarduera eta azoka izanen dituzte asteburu honetan Jauntsaratsen (Basaburua).

Mendialdeko Azoka Ibiltariarekin bat eginen dute Basaburuan eta gaztainaren kultura eta tradizioa eta bertako gaztainadien balio naturala ezagutzeko topaketa izanen da

Gaztainadiek eraikitzen dute gure paisaia, eta, gaur egun, gehienak abandonatuta egon arren, gure arbasoek landatu, txertatu, inausi, bakandu eta zaindu dituzte, antzinakoek transmititutako jakinduriari esker, tamalez, egun galtzear dagoen ezagutza.

Basaburua, Ultzama eta Larraungo bailarek gaztainondo ugari dituzte oraindik. Aparteko ingurumen-balioa dute; izan ere, paisaia osatzeaz eta aberasteaz gain, biodibertsitatean oso habitat aberatsak dira, eta oinarrizko funtzioa betetzen dute lurzoruaren kontserbazioan, erregulazio klimatikoan, uraren zikloan eta abarretan. Baina, gainera, gaztainondoa ohitura, elikagai, berotasuna eta babestokia da gure kulturan. Gaztainondoa erabilera ugarirekin lotuta egon da beti: gizakien eta abereen elikadura, eraikinetako edo altzarietako egurrerako, saskigintza, eztia egiteko… Gaztainak biltzea eta ondoren dastatzea, gainera, gaztainen berotasunean elkartzeko eta sozializatzeko motibo izan dira. «Urriaren azkenean gaztaina etxean» …hala dio atsotitzak.

Hau guztia Basaburuko herritarrek, Basaburuko Udalaren eta Plazaola Partzuergo Turistikoaren laguntzarekin, sustatutako iniziatibak biltzen du. Helburua da barietateak, jakinduria eta gaztainadiak berreskuratzea eta, are gehiago, gure tradizioan hainbeste pisu izan duten erraldoi hauen inguruko kultura eta ekonomia berriro sortzea.

Proposamena bikoitza da. Alderik dibulgatzaileena larunbatean, hilak 2, Izanen da, gaian adituak diren pertsonen eskutik. Eta jai giroa eta dinamizazioa igandean, hilak 3, izanen da, hainbat erakusketa, dastatze, artisau-postu, erakustaldi eta abarrekin.

Jardunaldi dibulgatzailea larunbatean

Feria honen helburu nagusietako bat gaztainondoak kontserbatzen eta balioan jartzen lagunduko duten esperientziak ezagutzea eta ikastea da. Horretarako, azokaren bezperan, hitzaldi batzuk antolatu dituzte gaian adituak diren pertsonen eskutik. Horrela, 16:30etik aurrera, Apeztegiberriko ganbaran (Jauntsarats herrian), ondorengo hitzaldiak izango dira:

  • Gaztainondoaren kulturaren garrantzia Euskal Herrian. Aintzane Kortajarena eta Akaitz Sarasolarekin (Barandiaran Beka 2023)
  • Gaztainondoa balioan jarri. Esperientzia batzuk. Mikel Diaz Oses, Nafarroako Gobernuko Ingurumen teknikariarekin
  • Gaztainak balioan jartzeko hainbat esperientzia Iparralden, Gillies Texierrekin (Urepel-Nafarroa Beherea)
  • 'La Oricera', Leongo El Bierzoko gaztainez egindako produktuen komerzializazioa. Isidro Álvarez Díezekin

Hitzaldien ondotik, gaztainez egindako produktuen dastaketa izanen da. Jardunaldia euskara eta gaztelania tartekatuz eginen da, eta bertaratutako guztien ezagutza eta ekarpenak partekatzeko aukera egonen da.

 

Erakusketak, tailerrak eta dastaketak igandean

Igandean Basaburuko I. Gaztaina Azoka ospatuko da. Hainbat jarduera izanen dira, beti ere gaztaina protagonista nagusia izanen delarik. Jarduera hauek Jauntsarasko hariztian 10:30etik 14:30era izanen dira.

Erakusketak:

  • Gaztainaren kultura Euskal Herrian (Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia sailaren eskutik)
  • Bertako gaztainen erakusketa
  • Saskigintza. Erakusketa eta salmenta Lourdes Larralderen eskutik (Azpeitia)
  • Saskigintza tailerra, Lourdes Etxaniz eta Paulo Matxirekin (Azpeitia)
  • Gaztainondo zahar baten taila-erakustaldia motozerrarekin, Mikel Lasarterekin

Dastaketak

  • Bertako gaztainen dastaketa: Bertako gaztainarik goxoena herri-bozketa eta gaztaina-produktuen lotearen zozketa parte-hartzaileen artean
  • Gaztainekin egindako errezetak probatzeko aukera. "Reyno Gourmet"-en eskutik
  • Gaztaina jate herrikoia, Txorimilo gaztaina-erretzailearen eskutik

 

Artisauen postuak (azoka ibiltaria) eta gaztainari lotutako postuak

Basaburuko udalak, ekitaldi hau aprobetxatuz, Mendialdeko Azoka Ibiltariaren azken merkatuetako bat antolatu du. Merkatu honetan ohikoak diren postuei gaztainaren kulturarekin lotura duten beste batzuk gehituko zaizkie:

  • Gaztaina landareen salmenta
  • Gaztainondo zurez egindako saskien salmenta
  • Gaztainekin egindako produktuen salmenta

Guztira, gaztainekin lotutako 4 postu, Mendialdeko Azoka Ibiltariko 22 postuei gehituko zaizkienak. Nekazaritzako elikagaien 12 postu izanen dira: gazta, taloa, hestebeteak, patea, zukuak, arrautzak, artisau-garagardoa, etab., eta eskualdeko artisauen 13 artisautza postu gehiago ere izanen dira: zura, zeramika, metala, ehungintza, etab. Modu jasangarri eta arduratsuan egindako tokiko produkturik onenen eskaintza izanen dugu Jauntsaratsen, zonaldeko lehengaien erabilera bereziki baloratzen duena. Azoka honen bidez, gainera, landa-eremuko ingurumenarekin, aisiarekin, ekonomiarekin eta kulturarekin arduraz jokatzen duen kontsumoa sustatu nahi da.

Azokaren jende-aurreko ordutegia 10:30etik 14:30era izanen da eta ekitaldi guziak Jauntsarasko hariztian izanen dira.

Azoka honekin, Mendialdeko Azoka Ibiltariak 2024ko edizioari amaiera emanen dio ia, azken hitzordua abenduaren 1ean izanen baita, Betelun.

 

Gero eta jasangarriagoa, irisgarriagoa eta inklusiboagoa den ekitaldi baten alde

Beste ekintzetan bezala, 'Zaborra O' mezua zabaldu nahi dute asteburuan Jauntsaratsen ere Datorren igandean, jendeari eskatu nahi diote zakarrontziak erabil ditzatela eta azokako eremuan hondakinik ez dezatela utzi. Gero eta ekitaldi jasangarriagoak bultzatzea da helburua. Halaber, irisgarritasunari eta inklusibitateari  dagokienez, honako hauek nabarmendu behar dira:

  • Mugikortasun Urriko Pertsonentzako Aparkalekua (MUP). Azokako eremutik gertu.
  • Komun egokituak: Apeztegiberrin, Jauntsarasko hariztitik 500 metrora.
  • Programa eta komunikazioa (prentsa oharra eta Sareak) irisgarriak
  • Zaborra O: zaborrontziak jarriko dira (koloreen arabera bereiziak), betiere espazio garbi eta osasungarria izateko helburuarekin (Zaborra 0), eta hondakinen gaikako bilketa eta birziklapena sustatuko da.
  • Paper birziklatuan inprimatutako seinaleztapen-kartelak
  • Atseden guneak

Ekitaldia Plazaola Partzuergo Turistikoak eta Basaburuko udalak antolatzen duten, Cederna Garalur eta Habelarte elkartearen laguntzarekin. Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun