Binakako erremonte profesionaleko txapelketako final laurdenetako bigarren partida jokatuko dute azaroaren 2an, larunbatean 18:00etan hasiko den jaialdian Iruritako Aranabia pilotalekuan. Hain zuzen, herriko bi aurrelari izanen dira aurrez aurre: Xuban Iturregi eta Jon Sagaseta. Ion eta Aimar Saldias oiztarra izanen dituzte lagun gibeleko koadroetan, hurrenez hurren,
Partida irabazten duen bikoteak Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart izanen ditu esperoan azaroaren 9an Agoitzen jokatuko den finalerdian. Bertze finalerdian, Donezteben sailkapena lortu zuten Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrak, Zeberio II.aren eta Otanoren kontra ariko dira.
Iruritako jaialdia hasteko partida ere handia izanen da. Hain zuzen, finalerdietan zuzenean sartu diren bi bikoteak ariko dira: Zeberio II.a eta Otano, Xanti Utergaren eta Barricarten kontra. Txapelketako bertze jaialdiak bezala, Iruritakoa ere ADANO elkartearen alde izanen da. Sarrera 5 euro kobratuko da.