Nafarroako Pilota Federazioak esku pilota jaialdi bikaina antolatu du urriaren 31n, ortzegunean 19:00etn hasita Iruñeko Labrit pilotalekuan. Afizionatu mailako sei pilotari onentsuenak ariko dira gau beltzaren atarian.
Jaialdia lau eta erdiaren barreneko partidarekin hasiko da. Aurrera Pilota Elkarteko Hegoi Txoperena leitzarra eta Zugarraldeko Aitor Alduntzin izanen dira aurrez aurre.
Binakako partidan, berriz, berriki Nafarroako buruz buruko txapelketa irabazi duen Unai Astiz (Larraun) eta Cortesko Jabier Cuairan (CD Irurtzun), Oberena taldeko Oian Canabal igantziarraren eta Lagunak Pilota Taldeko Ionan Peñalverren kontra ariko dira.
Jaialdirako sarrera 5 eurokoa izanen da eta hamalau urtetik beheitikoak doan sartuko dira. Sarrerarekin edari bat (freskagarria edo garagardoa) eta sarien zozketan parte hartzeko aukera izanen da: gastronomia produktuak, pilotari profesionalek sinatutako pilota bat eta larunbatean Labriten Unai Lasok eta Aitor Elordik jokatuko duten lau eta erdiko txapelketako partidarako sarrera bikoitza zozketatuko dituzte.