Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, datorren abenduaren 3an eta Nafarroaren egunarekin batera, Euskarabideak-Euskarako Nafar Institutuak Gora-Gora Fest! 2024 euskarazko kultur zikloaren 4. edizioa antolatu nahi izan du. Zikloa prentsaurrekoan aurkeztu zuten atzo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabideko zuzendari kudeatzailea den Javier Arakamak. Nafarroa osoan 55 herritara ailegatuko da zikloa eta eskualdean, Erratzura, Etxalarrera, Goizuetara, Iturenera, Oronoz-Mugairira eta Zugarramurdira.
Hainbat jarduera ezberdinek osatuko dute aurtengo programazioa. Guztira 9 izanen dira: antzezlanak (horietako batzuk musikalak direnak), inprobisazioek, tailerrak, dantzak, ipuin kontalariak eta beste hainbat. Aurreko urteen moduan, denak doakoak. Zikloa antolatzeko kontratu publikoa eskuratu duen enpresa TDiferencia agentzia izan da, lizitazio prozesuaren bidez, eta Euskarabideak programa honetako kudeaketaren inbertsioa 55.660 eurokoa izan da.
Eskualdeko emanaldiak
- Azaroaren 8an, ortziralean, 17:30ean, Oronoz-Mugairiko eskolan, Koadrilan dantzan, 6 eta 14 urte arteko neska-mutilendako dantza urbanoko master class emanen dute.
- Azaroaren 10ean, igandean 18:00etan Etxalarko Pello Apezetxea kultur gunean, Ez dago kutxarik niretzat, 14 urtetik goitiko gazteendako antzerki lana taularatuko dute.
- Azaroaren 23an, larunbatean 18:30ean Goizuetako udaletxeko ganbaran, Ez dago kutxarik niretzat, 14 urtetik goitiko gazteendako antzerki lana taularatuko dute.
- Azaroaren 28an, ortzegunean 17:30ean Erratzuko lixutegian, Baso zaindaria, 4-11 urteko haurrendako ipuin kontaketa izanen dute.
- Abenduaren 6an, ortziralean, 17:30ean, Iturengo Herriko Etxeko ganbaran, Ezberdin bezain eder, 4-11 urteko haurrentzako ipuin musikala eskainiko dute.
- Abenduaren 8an, igandean 17:00etan Zugarramurdiko Sorginen Museoko auditorioan, Ez dago kutxarik niretzat, 14 urtetik goitiko gazteendako antzerki lana taularatuko dute.