Bihar arratsaldean irekiko dute Belateko tunela

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 30a, 12:00

Iparraldeko ahoan bigarren tunelaren indusketa lanak egiteko itxi zuten tunela.

Abuztuaren 19tik itxita egon ondotik, bihar arratsaldean, urriaren 31n, irekiko dute Belateko tunela. Tunela bikoizteko egiten ari diren lanen ondorioz itxi zuten errepidea, eta denbora honetan, NA-1210 errepidetik, hau da, Belateko gainetik desbideratu dute trafikoa.

Tunela itxita egon den denboran, iparraldeko ahoan bigarren tunelaren indusketak egin dituzte. Araztegiaren eraikuntza ere amaitu  dute denbora honetan. Gainera, trafikoa itxita egon dela aprobetxatuta, gaur egungo tuneleko segurtasuna eta seinalizazioa hobetzeko lanak ere egin dituzte.

Bertzeak bertze, zuntz optikoko sare bat instalatu dute komunikazio fidagarriak ziurtatzeko, funtzionatzen ez zuten luminariak berritu dituzte, eta bideozaintza-sistemaren 31 kamera analogiko zaharren ordez 57 kamera berri paratu dituzte. Intzidenteak automatikoki detektatzeko sistema berri bat ere instalatu dute, adimen artifizialean oinarritua. Sistema berri hori gai da geldirik edo  kontrako noranzkoan dauden autoak identifikatzeko eta Errepideen Kontserbazioko Kontrol Zentroari automatikoki abisatzeko.

Gainera, suteak itzaltzeko sistemen armairuak eta SOS zutoinak egokitu eta margotu dituzte, eta larrialdi-ekipoen seinaleztapen-elementuak ere ordezkatu dituzte. Halaber, bazterbideetako seinaleak egokitu diituste, seinale bertikal eta horizontal berrien bidez, gidarientzat ulerterrazagoak izan daitezen.
 
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du hemendik aitzinera lanak egiteko errepidea berriz itxi eta trafikoa NA-1210 errepidetik desbideratu beharko balitz, ohiko bideetatik jakinaraziko duela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun