Irakasleen bigarren greba egunak segida handiagoa izan du

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 29a, 13:45

Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guziek (Steilas, Anpe, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT) deituta, bigarren greba eguna dute gaur Nafarroako hezkuntza publikoko irakasleek. Irailaren 26koa baino erantzun handiagoa izan du. Ikusi albiste barrenean grebak eskualdeko eskolaz eskola zer segida izan duen. 

HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZAK

BAZTANGO ESKOLAK
  • Almandoz: Eskolako klaustro osoak bat egin du greba deialdiarekin, baina hiru klaustrokideetatik batek zerbitzu minimoak bete behar izan ditu. Ikasleei dagokienez, hamalau ikasleetatik hamaika joan dira eskolara.

  • Amaiur: Amaiurren klaustroaren % 100ak egin du bat grebarekin, sei irakasleek. Baina zerbitzu minimoak bermatzen aritu dira.

  • Arizkun: Zazpi irakasle dira eta guztiek bat egin dute grebarekin, baina bik zerbitzu minimoak bermatu behar izan dituzte.

  • Arraioz: Lau irakaslek greba egin dute eta bertze biak zerbitzu minimoak egin behar izan dituzte. Ez da ikaslerik joan eskolara.

  • Azpilkueta: Klaustroa sei irakaslek osatzen dute eta herenak greba egin du.

  • Elizondo: Guztira 24 irakasle dira eta horietatik hamaseik greba egin dute eta zortzi lanera joan dira guttieneko zerbitzuak betetzera.

  • Erratzu: Irakasleen % 100ak bat egin du grebarekin. Sei irakasle dira eta bi bakarrik aritu dira lanean, zerbitzu minimoak bermatzeko.

  • Gartzain: Klaustroan hiru irakasle dira eta irakasle batek egin du greba. Bertze biak zerbitzu minimoak bermatu behar izan dituzte. Ikasleen kasuan, hemezortzitik zortzi joan dira.

  • Irurita: Hamar irakasleetatik seik greba egin dute eta hiruk zerbitzu minimoak bermatu behar izan dituzte. Ikasleen kasuan, 52tik 38 joan dira eskolara.

  • Lekaroz: Bi irakaslek greba egin dute eta bertze bik zerbitzu minimoak bermatu behar izan dituzte.

  • Oronoz: Oronozen erdiak egin dute greba eta gutieneko zerbitzuak eskaini behar izan dituzte.

  • Ziga: Zuzendariak eta irakasleak grebarekin bat egin dute, baina zerbitzu minimoak bermatzeko biek lanera joan behar izan dute.
BERTIZARANAKO ESKOLAK
  • Legasa: Irakasleen  %63ek egin dute bat greba deialdiarekin. Zortzi irakasle dira, bortzek greba egin dute, bi lanera joan dira eta zuzendaria, derrigortuta, lanera.

  • Narbarte: Irakasle guziak lanera joan dira; ez dute grebarik egin.
BORTZIRIETAKO ESKOLAK
  • Arantza: Irakasleen % 29k egin dute greba, hau da, hamalau irakasleen artean lauk.

  • Bera: Ricardo Baroja eskolan % 20ko segida izan du grebak. 20 irakasle dira eta lauk egin dute greba. Hala ere, zuzendaria eta ikasketa burua «derrigor» aritu dira zerbitzu minimoak bermatzen.

  • Etxalar: Landagain eskolan hamar irakasleetatik bederatzik greba egin nahi zuten, eta batek ez. Baina bederatzi horietatik bik zerbitzu minimoak egin behar izan dituzte.

  • Igantzi: Gehiengoak greba egitea erabaki du eta guttieneko zerbitzuak egin dituzte. Zehazki, lauk egin dute greba eta hiru irakasle aritu dira eskolan.

  • Lesaka: Irain eskolan, hemeretzi irakasleetatik hamazazpik egin dute greba, hau da, % 90ak.
LEITZALDEKO ETA URUMEALDEKO ESKOLAK
  • Areso: Nazabal eskolan, bost irakasle dira eta %100ak bat egin du grebarekin. Hala ere, zerbitzu minimoak bete behar izan dituzte.

  • Goizueta: Andres Narbarte Xalto eskolan, hamabost irakasle dira eta zerbitzu minimoak direla eta, bostek ikastetxean gelditu behar izan dute. Ikasleen kasuan, 74 ikasleetik lau eskolara joan dira.

  • Leitza: Erleta eskolan ere % 100eko segida izan du. Zehazki, 30 irakasleen artean, seik zerbitzu minimoak bermatu dituzte.
MALERREKAKO ESKOLAK
  • Doneztebe: San Miguel eskolan, irakasleen %29,4k egin dute greba, hau da, hamar irakaslek.

  • Ituren: Pulunpa eskolan, ez du inork grebarik egin.

  • Saldias: Hiru irakasle dira eta batek egin du greba. Baina adierazi dutenez, aurretik egun honetan irteera egitea adostua zuten.

  • Sunbilla: Hamabost klaustrokideetatik hamar irakaslek egin dute greba.
XARETAKO ESKOLA
  • Urdazubi-Zugarramurdi: % 100eko segida izan du. Bederatzi irakasle dira denetara, eta batek gaurko eguna libre du eta bi irakasle zerbitzu minimoetan aritu dira.

 

INSTITUTUAK ETA LANBIDE ESKOLAK

BAZTAN
  • Lekarozko institutua: 74 irakasleetatik 48k bat egin dute grebarekin.

  • Elizondo Lanbide Eskola: Grebaren jarraipena % 100ekoa izan da. Horri lotuta, goizean Oronozen elkarretaratzea egin dute, eskualdeko Lanbide Eskola berriaren proiektua geldiarazi izana salatzeko. Handik, kotxe karabanan Iruñeko mobilizazioetara joan dira.
BORTZIRIAK
  • Berako institutua: Toki Ona institutuan, 70 irakasleetatik % 62k egin du greba.
LEITZALDEA
  • Leitzako institutua: Amazabal institutuan 50 irakasle dira klaustroan, eta zerbitzu minimoetan aritu dira. Guttieneko zerbitzuak bost irakaslek eta zuzendaritzako bi kidek osatu dituzte. Horietaz gain, irakasle bakarra joan da lanera.  
MALERREKA
  • Doneztebeko institutua: Mendaur institutuan, 33 irakasleetatik 23k egin dute greba.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun