Bortzirietako 'Hor gu!' taldea nagusitu da 2024ko Bardoen finalean

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 27a, 10:00

Garesko Zamariain Pilotalekuan jokatu zen atzo 2024ko Bardoen finala, 100 entzule baina gehiagoren aitzinean. Baztango 'Baztanzopak', Bortzirietako 'Hor gu!' eta Baztan-Bortzirietako 'Mutilatuak' taldeak aritu ziren kantuan, giro ederrean. Azkenean, Bortzirietako taldearendako izan zen sari nagusia.

Irailaren 13an abiatu zen 2024ko Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoa, 13 talde eta 92 parte hartzailerekin. 22 saioren ondotik, atzo jokatu zen finala, Garesko Zamariain pilotalekuan. Ia 100 entzule izan ziren saioa bertatik bertara segitzen, giro ederrean. Taula gainean, hiru talde: Baztango 'Baztanzopak', Bortzirietako 'Hor gu!' eta Baztan-Bortzirietako 'Mutilatuak'. Guztira, hamaika bertsolari aritu ziren kantuan, eta talde bakoitzeko kide banak bete zituen gai-jartzaile zereginak. Azkenean, publikoko 5 lagunen eta Bardoetan parte hartu duten talde bakoitzeko kide banaren puntuak zenbatuta, Bortzirietako 'Hor gu!' taldea izendatu zuten 2024ko Bardoetako txapeldun. Euskal produktuekin osatutako saski eder bana eta Bardoetako zapia eskuratu zuten hiru talde finalistek. Irabazleak, gainera, Scape Room bat egiteko txartela hartu zuten.

Hasierako agurrek jarri zioten abiapuntua saioari. Umoreak lagunduta, aurkezpenerako baliatu zuten taldeek agurra. Horren ondotik, ofizioen txandari heldu zioten. Zortziko handian, Osasunako ikuskatzaileek fitxatu eta herriko taldea alboratu duen haurraren gurasoen paperetan aritu ziren Irati Majuelo eta Iban Garro. Zortziko txikian, Alazne Untxalo eta Kattin Madariaga aritu ziren: gau beltza dela eta, Untxalo enpresako nagusiak langileak mozorratzeko mezua bidali arren, Kattin normal-normal joan da lanera. Seiko motzean aritu ziren gero Maddi Ane Txoperena eta Urko Gartzia, antzerki talde bereko aktoreak, zuzendariak biak agertzen diren ikuskizunaren zati bat biluzik egiteko proposamena jasota.

Hiruna punturi erantzun zioten gero Iban Garro, Irati Majuelo eta Estitxu Arozenak. Ondotik, hurrenez hurren, espartinei, VHS zintari eta sukaldeko mantalari bertso bana kantatu zioten Urko Gartziak, Alazne Untxalok eta Maddi Ane Txoperenak. Horren ondotik koplatan aritu ziren Julen Zelaieta, Malen Alzuart eta Ekhiñe Zapiain. Graduazio bestara dotore jantzita joateko arropa bila dendan sartu berri diren unibertsitateko hiru lagunen roletik. 'Bat, bi, hiru' ariketan binaka aritu ziren Julen Zelaieta eta Iban Garro ETBko aurkezle euskaldunak zerrendatu nahian, Malen Altzuart eta Amaia Elizagoien egunkarien izenen bila, eta Estitxu Arozena eta Maddi Ane Txoperena hezurra duten frutak aipatzen.

Bakarka Amaia Elizagoien, Kattin Madariaga eta Urko Gartzia aritu ziren. Lehenak sukaldeko pisua gorde eta lasai bizitzea erabaki du. Bigarrenak larunbat gaua izan arren, aspaldiko partez, etxean goxo gelditzea erabaki du. Hirugarrenak, aldiz, gustuko kirola berriz eginen ez duela erabaki du, eta pozik dabil.

Hirukako ofizioan, igogailuan ez gora ez behera gelditu diren bizilagunen paperean kantatu zuten Julen Zelaietak, Amaia Elizagoienek eta Ekhiñe Zapiainek.

Puntukako ariketak eman zion bukaera saio puntuagarri. Bortziriak-Baztango taldeko kideek elkarrekin bingo batera joatea erabaki dute. Baztangoek, aldiz, rafting-a aukeratu dute. Bortzirietako taldeak, lehenengoz sartu dira txosna batean txanda egitera.

Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta, eta Bardoetan parte hartu duten bertze hainbat talde saritu ondotik, jakinarazi zuten talde irabazlearen izena. Orduan izendatu zuten Bortzirietako 'Hor gu!' taldea 2024ko Bardoetako txapeldun. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko, Nafarroako Bertsozale Elkarteko eta 2024ko Bardoak egitasmoko lan-taldeko hainbat ordezkarik banatu zituzten sariak. Horien ondotik, bertsolari guztien azkeneko agurrekin bukatu zen saioa, bertso-poteoari eta sagardotegi afariari bide emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun