Nafarroako sokatira txapelketa azaroan jokatuko dute Antsoainen, Elizondon eta Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 30a, 08:00

Txapelketa mistoarekin hasiko da Nafarroako sokatira txapelketa larunbat honetan Antsoainen. Kategoria honetan Beti Gazte izanen da eskualdeko talde bakarra.

Hilaren 2an Antsoainen jokatuko den txapelketa mistoarekin abiatuko da eta gizonezkoen eta emakumeen txapelketak Elizondon hilaren 10ean eta Lesakan hilaren 16an jokatuko dituzte

Nafarroako sokatira txapelketa antolatu du aurten ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Txapelketa mistoa azaroaren 2an, 17:00etan hasita Antsoainen jokatuko den jardunaldi bakarrean erabakiko da. 560 kiloko kategorian ariko dira zortzinaka eta Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Lesakarrekin batera, Antsoain, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira mistoan.

Gizonezkoak zortzinaka (620 kilo) eta emakumeak seinaka (385 kilo) lehiatuko dira eta Elizondon azaroaren 10ean, igandean 11:30ean hasita eta Lesakan, azaroaren 16an, larunbatean 17:00etan hasita, jokatuko dituzte bi jardunaldiak. Lesakan, ligaxkako lehen bi sailkatuen arteko finalak jokatuko dituzte.

Gizonezkoetan, hiru talde bakarrik ariko dira: Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea. Emakumezkoetan, aldiz, zortzi talde izanen dira: eskualdekoak hiru izanen dira, Amaiurrek bat eta Beti Gaztek bi aterako baititu. Antsoainek ere bi talde paratuko ditu goma gainean, eta Araxesek, Berriozarrek eta Txantreak bertze bana.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun