12:00etan elkartu ziren bazkideak Gorraizko elizan eta bertan hildako bazkideak oroitzeko meza egin zuten. Juan Zabalak eman zuen meza, eta Donamariako Haritz Sagaseta tenoreak kantatu zuen. Ondotik, Inazio Goienetxe lehendakariak hartu zuen hitza.
Aurten zendutako bazkideak izan zituen gogoan Goienetxek, eta bereziki elkarteko lehendakariorde Maritxu Telletxea: «Bere alaitasunak, pozak eta baikortasunak kutsatu gintuzten. Aunitz botatzen zaitugu faltan». Horrekin batera, lehendakariordea hemendik aitzinera Marisa Telletxea izanen dela aurreratu zuen.
85 urte bete dituzten omenduak ere oroitu zituen lehendakariak, eta batez ere gogoan izan zuen 105 urte bete dituen Anuntxi Hualde. Horrekin batera, 50 urtez ezkondutakoak ere omendu zituzten eta Goienetxe bereziki oroitu zen aurten ezkonduta 60 urte egin dituzten Mari Carmen Berroetarekin eta Jose Antonio Elizegirekin.
Arkupeak 3.075 bazkide zituela oroitarazi zuen lehendakariak, eta urtero urtero bazkide kopurua haunditzen ari dela: «Guztiei opa diegu beren bizitzak urtez bete ditzaten eta urte horiek bizitzaz bete ditzaten», nabarmendu zuen. Horrekin batera aurtengo ekitaldia ustekabekorik gabe egin dituztela azaldu zuen eta dei egin zien elkarterako proposamenen bat dutenei beraiekin harremanetan paratzeko.
«Futbol entrenatzaile batek dio txapelketak partidaz partida jokatu behar direla. Gu, gure txapelketa partikularrean, urtez urte joanen gara. Horregatik, heldu den urterako dei egiten dizuet bazkide guztiei gure txapelketa hau jokatzen segitzeko», borobildu zuen hitzartzea Goienetxek.
Mezaren ondotik oroigarriak banatu zizkieten omenduei eta denek batera familia argazki bat atera zuten.
14:00etan Gorraizko gazteluan otordu ederra izan zuten eta bazkalondoan Joseangel musikaria aritu zen giroa paratzen.
Urteko balantzea
Pandemiaren itzala gaindituta, urtetik urtera gero eta mugimendu gehiago du Arkupeak Elkarteak eta gero eta gehiago dira ekintzetan parte hartzen dutenak. Azken urtean 15 bidaia egin dira, horien artean nabarmentzekoak dira egun bateko baino gehiago egonaldiak Albanian, Burgosen eta Sorian, Benidormen, Galizian eta Kanaria Irletan.
Horrez gain ikastaroak 14 herritan daude martxan eta frantsesa, ingelesa, pintura, lorezaintza, ariketa fisikoa, luzaketak, yoga, pilates, pirograbatua, zeramika, antzerkia, informatika... dira ikastaroetako batzuk. Horrez gain, hilabetero 60-70 bazkidek hartzen dute parte mendi irteeretan.
Ekitaldi horiek finantzatzeko, 2023. urtean 860.854,29 euroko aurrekontua izan zuen elkarteak. Horietatik 55.000 euro Nafarroako Gobernuak eman zituen, 31.000 euro bazkideen kuotatik lortu ziren, 765.000 antolatutako ekintzetatik eta 12.000 euro bertzelako bideetatik. 2022. urtetik elkarteak ez du Caixabanken diru laguntzarik hartzen, eta horren ordez hainbat ikastaro ematen dituzte doan.