Binakako erremonte profesionaleko txapelketa Donezteben eta Iruritan abiatuko da

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 24a, 11:00

Binakako erremonte profesionaleko txapelketaren aurkezpena egin zuten asteazkenean. Final laurdenetako bi partida eskualdean jokatuko dituzte: larunbat honetan Donezteben eta hurrengoan Iruritan.

Urriaren 26an jokatuko da final laurdenetako lehen partida Ezkurra pilotalekuan eta azaroaren 2an Aranabian azkena, finalerdiak Agoitzen jokatuko dituzte Agoitzen eta finala azaroaren 16an Erriberrin

Euskal Jai Erremonte Fundazioak eta e•remonte enpresak antolatutako binakako erremonte profesionaleko txapelketa urriaren 26an abiatuko da Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatuko den final laurdenetako lehen partidarekin. Matxin III.a eta Markel Leatxe donamariarra, Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarren kontra ariko dira, larunbatean 18:30ean hasita. Final laurdenetako bigarren partida Iruritako Aranabian jokatuko dute azaroaren 2an, larunbatean 18:00etan hasita: Xuban Iturregi iruritarra eta Ion, Jon Sagaseta iruritarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira.

Finalerdiak azaroaren 9an jokatuko dituzte Agoitzeko Toki Eder pilotalekuan, 17:00etan hasita. Lehen finalerdian, Doneztebeko bikote irabazleak Xanti Uterga doneztebarraren eta Barricarten kontra jokatuko beharko du eta, bigarrenean, Iruritako bikote irabazleak Zeberio II.aren eta Otanoren kontra.

Finalerdietako irabazleek azaroaren 16an jokatuko dute finala, zaharberritutako Erriberriko udal pilotalekuan, 17:00etan hasita.

Binakako erremonte profesionaleko txapelketa urriaren 23an, asteazkenean aurkeztu zuten txapelketako babesle ofiziala den Microlan Aerospace enpresaren egoitzan. Txapelketako partida guztietako sarrerak 5 eurotan salduko dituzte eta bildutako dirua oso-osorik ADANO elkartearentzat iznen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun