Azaroaren 14ra arte eskatzen ahal dira Errigorako saskiak

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 24a, 12:00

Bilboko agerraldian Jose Angel Iribar Athleticeko jokalari ohia, Oihana Bartra bertsolaria, Tasio Erkizia politikaria, Nekane Artola ikastolen elkarteko lehendakaria eta hainbat sarekide izan ziren.

Errigorak atzo abiatu zuen Bilbon 'Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka' kanpaina. Nafarroako produktuekin osatuak, aurten hiru saski desberdin paratuko dituzte salgai eta, urtero bezala, saskiek duten balioaren % 25
Nafarroa erdialde eta hegoaldeko (Agerreko) euskalgintzara bideratuko da. Azaroaren 14an bukatuko da eskaerak egiteko epea.

Haizea Lizarbe Errigorako kideak azaldu zuenez, aurten hiru saski daude eskuragarri. Saski beltza 55 eurotan salduko da eta Nafarroa erdialde eta hegoaldeko produktu tipiko konbentzionalekin osatuko dute; saski berdeak, aldiz, 65 euro balio du eta barnean duen guztia ekologikoa da; eta aurten berrikuntza saski gorria izanen da, 75 euro balioko duena, eta horretan «Eguberriekin lotutako produktuak» sartuko dituzte.

Eta saskiekin batera erosteko, aurten, lau urtetik gorakoentzat egokia den 'Agertuz' karta jokoa ere eskatu ahal izanen da 5 € gehiago ordainduz. Hori bai, karta jokoa gehigarri bat da, ezin izanen baita soltean eskatu.

Ekin eta ekin, urteak dira jada Nafarroa hegoalde eta erdialdean (Ager eremuan) euskara
sustraitzeko lanetan dabilela Errigora egitasmoa, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintza bultzatzen eta indartzen. Eta horretarako, saskiek duten balioaren % 25a bideratzen dute Tuterako Argia, Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastoletara, Ager eremuko AEK euskaltegietara, D ereduko lerroetara eta Agerraldiaren ekimenak finantzatzera.

Urriaren 24an hasi da eskaerak egiteko aukera, eta azaroaren 14ra bitartean egiten ahalko da.

 

Nola egiten da saskien eskaera

 
Eskaera egitean saskiak biltzeko gune bat aukeratu behar da. Ehunka banaketa puntu daude aukeran, 200 herri baino gehiagotan banatuta. Gune bakoitzak saskiak biltzeko egun eta ordutegi zehatzak ditu, eskaera egiterakoan jasotzen den mezuan zehazten da.
 

Ordainketa egiteko bi aukera daude: alde batetik online, kreditu txartela edo Bizum bidez ordainketa aurretik egina uzten ahal da, baina, nahiago bada, saskiak biltzean eskudirutan ordaintzea ere posible da. Hori bai, diru kopuru zehatza eramatea gomendatzen dute, badaezpada.

Ordainketa metodoa aukeratu ondotik, eskaera erregistratuta geldituko da eta email bat bidaltzen dute egindako eskaeraren berri emanez eta eskaeraren bila noiz eta nora joan behar duzun gogoraraziz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun