Arkupeak Elkarteko Bazkideen Eguna ospatuko dute ortzegunean Gorraizen

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 22a, 09:00

Iazko Bazkide Egunean omendutako lagunak. Aurten ere hainbat lagun omenduko dituzte. Argazkia: Foto Zaldua.

Arkupeak Elkarteko bazkideek egun haundia izanen dute ortzegunean, urriaren 24an: Bazkideen Eguna. Gorraizen ospatuko dute eta hainbat lagun omenduko dituzte.

Autobusez joanen dira bertara, eta 12:00etan parrokian meza izanen dute. Gainera, mezan kantuan eta organoa jotzen ariko da Haritz Sagaseta donamariarra.

Hainbat lagun ere omenduko dituzte: 60 urte ezkondurik daraman bikote bat, 50 urte ezkondurik daramatzaten 21 bikote eta 85 urte bete dituzten 17 bazkide.

Omenaldiaren ondotik, bazkariaren txanda izanen da. Gorraizko gazteluan izanen dute otordua, honako menuarekin: barazki krema, uso basatiaren kaneloia Ultzamako onddo eta almendrekin, bakailaoa tenperatura baxuan piper erreekin, bildots errea Tuterako kukulu eta parmentierrarekin eta albertxiko gazta tarta Milagroko gereziekin eta limoizko izozkiarekin. Edateko ura, ardoa, cava, kafea eta likoreak izanen dituzte.

Otordua bukatzean, dantzaldia izanen dute Joxe Angel musikariarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun