Ezkurra II.a doneztebarra eta Juanenea saldiastarra ariko dira binakako erremonte tzapelketa nagusiaren 54garren edizioan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 17a, 08:30

Binakako erremonte txapelketetan parte hartuko duten erremontista gehienak izan ziren asteazkeneko aurkezpenean. Argazkiak: Maialen Andres

Bigarren mailakoan, berriz, Jabalera doneztebarrak eta Apezetxea goizuetarrak bikote eginen dute eta Zubiri goizuetarra ere ariko da

2024. urteko Binakako erremonte txapelketa zuten asteazkenean Orona Fundazioaren auditorio nagusian. 54garren edizioa izanen da. Ekitaldi honetan, lehenengo eta bigarren mailako txapelketan parte hartuko duten bikoteak eman dituzte ezagutzera, eta bertan txapelketaren zehaztasun guztiak ezagutu dituzte. Lehen jardunaldia larunbatean jokatuko dute Galarretan, lehen mailako bi partidekin eta bigarren mailako batekin.

Aurten ere bi txapelketa antolatu dira eta Lehenengo Mailakoan lau bikotek hartuko dute parte: Segurola-Barrenetxea IV.a, Ezkurra II.a-Azpiroz, Ansa II.a-Juanenea eta Urriza-Larrañaga. Beraz, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak Azpirozekin osatuko du bikotea eta Aritz Juanenea saldiastarrak Ansa II.arekin.

Lehen mailako txapelketan ariko diren zortzi erremontistetatik sei: Ezkurra II.a, Segurola, Urriza, Larrañaga, Barrenetxea IV.a eta Azpiroz. Ansa II.a eta Juanenea falta ziren aurkezpenean.

 

Lau bikote egoteak txapelketarik berdinduena eta maila altukoena izatea ziurtatzen du. Ez dago faborito argirik.

Lau bikotez osaturiko lehen fase bat jokatuko da, eta denek denen aurka jokatu beharko dute bi aldiz. 

Bederatzi jardunaldi izanen dituzten horretarako: Urriaren 19, 26, azaroaren 2, 9, 15, 23, 30 eta abenduaren 7 eta 14a.

Partidak set edo joko formatuan jokatuko dira. 15 tantoko bi jokoak osatuko dute partida hasiera batean baina bikote bakoitzak set bana irabaziko balu, hirugarrengo set bat jokatuko litzateke 8 tantora, partidaren bikote irabazlea zein den zehazteko.

Ligaxkako puntuazio sistema, ondorengoa izango da: Lehenengo bi jokoak irabazita (2-0), 4 puntu; Lehen jokoetako bat eta hirugarrena irabazita (2-1), 3 puntu; Lehen bi jokoetatik bat irabazita (1-2), puntu 1; Joko bakarra irabazi gabe (0-2), 0 puntu; eta partidaren amaieran 15 tantora iristen ez dena -1 puntu.

Lehenengo fasean lehen postua lortzen duenak finalera sailkapena lortuko du zuzenean. Bigarren eta hirugarren sailkatuak finalerdi bat jokatuko dute eta laugarren sailkatua kanporatua izanen da. Jardunaldi bakarrean jokatuko da finalaurreko partidua eta abenduaren 21ko jaialdian jokatuko da.

Finala, abenduaren 28ean, jokatuko da. Ligaxkan lehenengo postuan geratu den bikoteak, finalerdia irabazi duen bikotearen aurka jokatuko du.

Bigarren mailakoan bortz bikote

Bigarren mailako txapelketa ere aurkeztu zen eta aurtengoa bigarren edizioa izanen da. Lehenengo mailakoaren formatu antzekoa izanen du, baina bortz bikoterekin:  Aldabe-Aiestaran VI.a, Jabalera-Apezetxea, Irazu-Zaldua I.a, Gurrutxaga-Martirena eta Goikoetxea V.a-Zubiri. 

Itzuli bakarrera jokatuko da, eta lehenengoa zuzenean sailkatuko da finalera eta bigarren eta hirugarren sailkatuak finalerdia jokatuko dute. Azken bi sailkatuak geratuko dira kanpoan maila honetan. 

Egutegia lehenengo mailakoaren berdina izanen da.

Lehen jardunaldia larunbatean Galarretan

Txapelketetako lehen jardunaldia, urriaren 19an, larunbatean 15:15ean hasita Galarretan jokatuko den jaialdian eginen da. Hasteko, lehen mailako txapelketako bi partida jokatuko dituzte: Urriza eta Larrañaga, Ezkurra II.aren eta Azpirozen kontra lehena eta Ansa II.a eta Juanenea, Segurolaren eta Barrenetxea IV.aren kontra bigarrenean. Jaialdiko hirugarren partidan, bigarren mailako txapelketako lehen partida jokatuko dute Aldabek eta Aiestaran VI.ak, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Oier Apezetxearen kontra.

Bonoak salgai daude

Binakako txapelketaz gozatu nahi duenak aukera bikaina du bonuak erosita. Dagoeneko salgai daude www.oriamendi.eus webgunean eta gainera %30eko beherapenekin datoz. Finalerako eta finalerdietarako sarrerak ere eskuragarri daude dagoeneko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun